Tolosako Gazte Topagunea, aurrerantzean, astean bost egunez zabalduko dute

Ataria 2025eko maiatzaren 7a

Iturria: Gazte Topagunea

Gaurtik aurrera, ostegunetik igandera ez ezik, asteazkenetan ere zabalduko dute 11-17 urteko nerabeentzako udal zerbitzua eskaintzen duen Gazte Topagunea.

Tolosako Gazte Topagunea, aurrerantzean, astean bost egunez izango da zabalik. Orain arte, ostegunetik igandera egoten zen zabalik, eta gazteen erabilera kontuan izanik, asteazkenetan ere zabaltzea erabaki du udalak. Topagunea kultur etxean dago, Trianguloa plazan. 

Topaguneak hainbat baliabide eskaintzen dizkie nerabe eta gazteei eskola ordutegiaz kanpo: mahai-jolasak, ordenagailuak, doako wifi zerbitzua, ping-ponga, futbolina, eskulanetan aritzeko materiala eta bulego-txokoa. Horrezaz gain, aldizkarien txokoa, musika entzuteko gailua eta proiektorea ere erabilgarri daude.

Espazioa modu autonomoan erabiltzeaz gain, Topaguneak egitarau oparoa eskaintzen die erabiltzaileei ikasturte osoan; besteak beste, hilabeteko ekintzak antolatzen dira gazteen interes eta zaletasunak kontuan hartuta. Maiatzean, esaterako, honako jarduera hauek izango dira: bitxigintza, altxorraren bila Tolosan, billar-txapelketa, muralak margotzea eta UNO jokoaren txapelketa. Ekainean, aldiz, Bedaioko erlategira irteera antolatu dute eta sanjoanen bueltan kontsumoaren inguruko solasaldi eta lantegiak. Sarrera librea da. 

Topagunean bi hezitzaile aritzen dira lanean, eta haien helburu nagusia da nerabeek denbora librea modu hezigarrian igarotzea, eta nerabeen heziketa-fase bakoitzean bidelagun izatea.

Ordutegia:
  • Asteazkenetik ostiralera: 17:00-20:00
  • Larunbat eta igandeak: 16:30-20:30

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!