Zilarrezko domina gimnasta tolosarrentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko maiatzaren 7a

Tolosa CF Gimnastikako kadete nesken Tolosa P taldeko kideak zilarrezko dominekin. TOLOSA CF GIMNASTIKA

Tolosa CF Gimnastikako kadete nesken Tolosa P taldea Espainiako Kopako txapeldunorde izan da, Granadan

Maiatzaren 1ean, gimnastika erritmikoko oinarrizko taldeen Espainiako Kopa jokatu zen Granadan (Andaluzia). Tolosa CF Gimnastikako hiru taldek eta Ibarrako Belabieta Kirol Klubeko jubenil taldeak parte hartu zuten txapelketan. Tolosako klubeko kadete nesken Tolosa P taldea txapeldunorde izan zen; Kanariar Uharteetako Batistana de Tenerife taldea izan zen txapeldun. Taldetik adierazi dutenez, «ariketa bikaina» burutu zuten, eta horri esker, zilarrezko domina jantzi zuten. Kategoria berean, Tolosa H taldea hamaikagarren postuan sailkatu zen. Belabieta Kirol Klubari dagokionez, berriz, jubenil mailako taldeak parte hartu zuen Espainiako Kopan, eta bere kategorian, 21. postuan sailkatu zen. 

Tolosako klubeko ordezkariek nabarmendu dutenez, «oso harro» daude kadeteek lortutako emaitzarekin, «batez ere, bide luzea eta ahaleginez betea izan delako». Tolosa P taldeko kideek, berriz, Nerea, Sara, Arantxa, Eneritz, Maitane eta Borja prestatzaileen lana eskertu dute. «Denboraldi guztian zehar egindako lanaren ondorioa da. Bigarren postu hau guztiona da. Eskerrik asko gure entrenatzaileei, eta senide eta lagun guztiei. Zuek gabe ezin izango genukeen lortu», adierazi dute.

Maiatzaren 4an, igandea, Granadan bertan, senior taldeen txanda izan zen. Taldekako Espainiako Kopako lehen fasean parte hartu zuten tolosarrek eta ibartarrek. Bi taldeak lehen aldiz ari dira parte hartzen absolutu mailan. Ibartarrak 13. postuan sailkatu ziren, eta taldetik adierazi dutenez «asko gozatu» zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!