BABESTUTAKO EDUKIA

Kutxa Fundazioak 3 milioi euro bideratu ditu berrikuntza soziala sustatzeko ezohiko laguntza-programara

Ataria 2025eko maiatzaren 6a

Gipuzkoa Aliantzan 2025 Kutxa Fundazioaren Plan Estrategiko berriaren baitan dago, eta Gipuzkoako eragile sozial eta ekonomikoek, aliantzetan elkartuta, berrikuntza sozialeko proposamenak aurkez ditzaten du helburu, eraldatzeko bokazioarekin eta proiektu multzo gisa egituratuta.

Deialdiak hiru helburu estrategiko definitzen ditu jarduteko ardatz nagusi gisa: STEAM bokazioak sustatzea, ikaskuntza eta gaitasunen garapena bultzatzea, eta Gipuzkoako gizarte eta ingurumen konpromisoa indartzea.

Maiatzaren 29an deialdi honi buruzko informazioa eskaintzeko, zalantzak argitzeko eta elkar ezagutuz aliantzak errazteko saioa egingo da. 09:30etik 13:00etara izango da, Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, Tabakalera eraikinean.

Donostia, 2025eko maiatzaren 5a. Kutxa Fundazioak, bere Plan Estrategiko berriaren baitan, Gipuzkoa Aliantzan 2025 izeneko ezohiko laguntza-programa abiarazi du, guztira 3 milioi euroko aurrekontuarekin.

Ezohiko deialdia 2025. urtean bakarrik gauzatuko da, eta lurraldeko hainbat eragileren aliantzek egituratutako, eraldatutako eta elkarlanean garatutako gizarte-berrikuntzako proposamenak bultzatzera bideratuta dago, Gipuzkoako gizarte-erronka garrantzitsuenei erantzungo dieten ekimenak babesteko, berrikuntzaren, lankidetzaren eta konpromiso kolektiboaren kultura sustatuz.

Programa hau hiru helburu estrategiko handiren inguruan egituratzen da, eta helburu horiek Kutxa Fundazioaren etapa berri honetako inpaktu sozialaren lehentasunezko eremuak definitzen dituzte.

Lehenik eta behin, STEAM bokazioak sustatu nahi dira, herritarren interesa eta parte-hartze aktiboa piztuz, bereziki haurrena eta gazteena, eta ikaskuntza formalean zein ez-formalean gerta daitezkeen ikaskuntza-aukera esanguratsuak eta inklusiboak sustatu nahi dira.

Bigarrenik, ezagutzaren kulturaren bidez herritarren ikaskuntzak eta gaitasunak aktibatzen lagundu nahi da, pentsamendu kritikoa sustatuz. Ildo horretan, Gipuzkoako herritarren artean arteen eta zientzien inguruko interesa, estimua eta jakin-mina sustatzen duten ekimenak bilatuko dira, eraldaketa ekosozialekin lotutako gai garrantzitsuei buruzko ezagutza zabaldu dezaketenak.

Azkenik, lehentasunezko ardatz gisa ere ezartzen da pertsonen eta erakundeen gizarte- eta ingurumen-konpromisoa indartzea, eta 2030 Agendaren helburuak lortzeko inplikazioa. Erronka horretan, garrantzi berezia hartzen du 18. Garapen Jasangarrirako Helburua (GJHa) aktibatzeak, hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta onarpena bermatzen baitu garapen pertsonal eta sozialerako ezinbesteko faktore gisa. Beraz, ongi etorriak izango dira berariaz hori sustatzen duten ekimenak.

«Zentzu horretan, hiru helburu horiek, aldi berean, zeharkako ardatz batzuei erantzuten diete, hala nola pentsamendu kritikoa, aniztasuna, berdintasuna eta feminismoa, baita jasangarritasuna, euskara, kultur ondarea eta gobernantza ireki eta kolaboratiboa ere», adierazi du Kutxa Fundazioko Garbiñe Etxezarretak.

Etxezarretaren iritziz, «aurkezten diren proposamenek helburu bati, biri edo hirurei batera heldu ahal izango diete, eta modu integratu eta egituratuan planteatu beharko dira, planteatutako helburu baten edo gehiagoren inguruan sinergiaz lan egiten duten proiektuen multzo koherente gisa, begirada sistemiko eta eraldatzaile batekin».

Hainbat erakunderen arteko aliantzei zuzenduta dago deialdia, eta, besteak beste, hirugarren sektoreko erakundeak, administrazio publikoak, ikastetxeak, enpresak eta herritar antolatuak bildu daitezke.

Aldaketa kolektiborako inbertsio estrategikoa

Kutxa Fundazioak 3 milioi euro bideratuko ditu ezohiko deialdi honetara, lurraldeko berrikuntza sozialaren eremuan orain arte bultzatutako garrantzitsuenetakoa bilakatuz, eta aurkeztutako aurrekontuaren %80 emango die proposamen onuradunei, gutxienez 500.000 euro proposamen bakoitzeko. Deialdiaren aurrekontua agortu arte finantzatuko dira proposamenak, betiere Kutxa Fundazioak egokitzat jotzen duen kalitate-maila gainditzen badute.

Ekimen honekin, «urrats bat eman nahi dugu lankidetzan, berrikuntzan eta eragin kolektiboan oinarritutako gizarte-ekintzaren eredu baterantz» azaldu du Etxezarretak. «Programa honek gonbidapen irekia izan nahi du gako berriak sortzeko, Gipuzkoa bidezkoagoa, konprometituagoa eta erresilienteagoa izan dadin egungo eta etorkizuneko erronken aurrean», gaineratu du.

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 6ko 09:00etan irekiko da, eta irailaren 30eko 14:00ak arte egongo da aktibo. Eskabideak Kutxa Fundazioaren webgunean eskuragarri dagoen deialdien atariaren bidez aurkeztu beharko dira.

Deialdiaren oinarri guztiak hemen eskura daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!