Ostegunean, maiatzak 1, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen Pasaian. Tolosaldea Arraun Klubeko kadete neskek bateletan erakutsitako mailari jarraipena eman zioten, eta garaipena eskuratu zuten, Zumaia bigarren sailkatuari ia 12 segundoko aldea aterata. Senior neskek ere parte hartu zuten; bigarren izan ziren, Zumaia A irabazlearengandik 21 segundora.
Txapelketako bigarren eta hirugarren jardunaldiak asteburuan jokatu ziren, larunbatean Hondarribian eta igande goizean Getarian. Hondarribiako estropadan, kadete neskak ez ziren ondo aritu, eta bosgarren izan ziren, Zumaia garailearengandik ia 16 segundora. Senior neskak, berriz, hirugarren izan ziren, Zumaia A eta San Juan taldeen atzetik. Getarian, baina, kadeteek berriro lortu zuten bere mailan aritzea, eta aise irabazi zuten estropada. Bederatzi segundoko aldea atera zioten Hernaniri. Senior nesketan, Hondarribiako podiuma errepikatu zen; Tolosaldea hirugarren izan zen, Zumaia A irabazlearengandik 15 segundo pasatxora. Seniorrek, baina, arratsaldean lortu zuten arantza kentzea, Zumaian jokatutako txapelketaz kanpoko San Telmo Saria irabazi baitzuten. Etxeko ontzia izan zen bigarren eta Hondarribia hirugarren.
Larunbatean –16:00– jokatuko da Gipuzkoako Txapelketako laugarren eta azken estropada, Mutrikun. Oraingoz, kadete nesketan, Tolosaldea da lider, Zumaiarekin berdinduta; 20na puntu dituzte. Senior nesketan, Tolosaldea hirugarren postuan dago. Igandean, berriz, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa jokatuko da Pasaian –10:30–. Mutrikun erabakiko dira Pasaiako partaideak.