Altuna III.a finalerdietara, eta Arrillaga finalera

Ataria 2025eko maiatzaren 5a

Ibarrola-Bertiz eta Aldai-Arrillaga bikoteak, atzo, Lekunberriko pilotalekuan

Amezketarrak Lasoren aurka jokatuko du maiatzaren 17an edo 18an; Behar Zanako pilotari usurbildarrak igandean jokatuko du Nafarroako Irekiko finala.

Jokin Altuna espezialista hutsa da Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken partidetan, eta beste behin erakutsi zuen hori, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan: 22-4 irabazi zion Dario Gomez lagun handiari.

Hasieran, neurketa estua izango zela zirudien, 1-3 aurreratu baitzen Dario. Altunak, baina, sakea berreskuratu ondoren, hamabost tanto egin zituen segidan. Errioxarrak eskuin eskuan min zuela jokatu zuen; deseroso zebilen kantxan, ezinean. Hala ere, Altunak neurketa bikaina jokatu zuen taktikoki eta teknikoki. Etengabe bilatu zuen Darioren ezker eskua, eta horrela, pixkana aurkaria higatu zuen. Uneoro topatu zituen tantoa amaitzeko aukera egokiak.

Gauzak horrela, Altuna III.a zazpigarren aldiz ariko da Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan, seigarren aldiz jarraian. Lasoren aurka jokatuko du, maiatzaren 17an edo 18an. Beste finalerdirako, aurkariaren zain dago Larrazabal: Peio Etxeberriaren eta Iñaki Artola alegiarraren artekoan irabazten duena izango du parean.

Arrillaga, Labriten

Bestalde, Miriam Arrillaga Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko pilotari usurbildarrak Nafarroako Irekia txapelketako finalerdia irabazi zuen, atzo, Lekunberriko Jaian Jai frontoian. Amaia Aldairekin osatu zuen bikotea eta 22-17 irabazi zieten Ibarrolari eta Gaminderen ordez aritu zen Bertizi. Partida lehiatu eta ikusgarria izan zen. Aldaik eta Arrillagak igandean jokatuko dute finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Salsamendi-Mendiburu bikotearen aurka. 12:00etan hasiko da jaialdia eta ETB-k zuzenean emango du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!