Aiztondoko Mankomunitateak eta Ibarrako Udalak akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoarekin, aurrerantzean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programaren parte izateko.
Programaren helburu nagusia da botikak errazago eskuratzea eta tratamendua behar bezala betetzen dela bermatzea, medikazioaren erabilera eta atxikidura hobetuz. Horretarako, herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jarduten dute sendagaiak eskuratzeko, kontserbatzeko eta emateko zerikusia duten alderdi guztietan.
Udala eta mankomunitate horiek gehituta, guztira, Gipuzkoako 56 udalerrik hartzen dute parte programan; Alegiako Udala ere batu zen, joan den martxoan. Programak 160.000 euroko aurrekontua izango du Gipuzkoan urte honetarako, eta herrialdeko farmazien %96 akreditatuta dago programan parte hartzeko.
Nola egingo dute lan?
Ekimenaren funtzionamenduari dagokionez, udaletako Gizarte Zerbitzuetako arduradunek programan parte hartuko duten pertsonak aukeratuko lituzkete, eta pertsona horiek, aurretik, programan sartzeko baimena eman beharko lukete.
Ondoren, erabiltzaileek farmazia aukeratuko lukete, eta elkarrizketa bat erantzun: bertako erantzunetatik abiatuta fitxa bat beteko lukete hartzen dituzten botikei zein osasun-arazoei buruzko informazioarekin. Behin hori eginda, astean edo bi astean behin, farmazialariak dosifikazio pertsonalizatuetan banatuta prestatu eta entregatuko lituzke medikamentuak.
Horretarako, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (DSP) erabiliko dituzte. Horietan, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen pilulak jarriko dituzte, dosia behar bezala hartzeko behar den informazioarekin batera. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 600 gipuzkoarrek baino gehiagok erabiltzen dute zerbitzua.
«Pertsona ardatz»
Eusko Jaurlaritzako Iñaki Betolaza Farmazia zuzendariaren iritziz horrelako programek lagundu egiten dute «tratamendu farmakologikoen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzen», eta «hobetu» egiten du pazienteen, senideen zein zaintzaileen bizi kalitatea eta ongizatea: «Xedea da pertsona sistemaren ardatz nagusi bihurtzea. Betiere helburu izanik gero eta zaharragoa den eta gaixotasun kroniko gehiago dituen zein mendekotasun-maila handiagoa duen gizarte baten beharrei eta problematikei erantzutea».
Zentzu berean hitz egin du Miguel Angel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko lehendakariak, eta gehitu du hitzarmen horren bitartez «prozesu soziosanitarioa borobiltzea» ahalbidetzen dutela: «Medikuaren preskripzioarekin hasten da; gizarte zerbitzuek jarraipena ematen diote, laguntza behar duten pertsonak identifikatzen dituztelako; farmaziak prestatzen ditu; eta, azkenik, Osasun sailak guztia finantzatzen eta gainbegiratzen du».
Era berean, gaineratu du «beste zerbitzu batzuetan ez bestelako osotasuna» duela: «Botikekin jarraipen edo erabilpen arazoak dituzten pertsonentzat benetan baliotsua da, asko errazteaz gain, tratamenduen eraginkortasuna ere areagotzen duelako».
Eskualdeko ordezkaritza
Aiztondoko Mankomunitatearen izenean —Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkil— Alkizako Iñaki Irazabalbeitia alkateak hitz egin du eta nabarmendu du herriak bat egiten duela programaren balioekin: «Lehentasunezkoa izan behar da gure inguruko pertsona ahulenek arreta egokia, segurua eta gertukoa jasotzea».
Hari berari tiraka gehitu du gogobeteta sinatu dutela akordioa: «Beharrezkoa da arreta soziosanitarioa indartzea eta, bide horretan, erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da. Oso pozik gaude Aiztondo eskualdeko bizilagunek ere ekimen honetaz baliatzeko aukera izango dutelako».
Bestalde, Irazabalbeitiaren adierazpenekin ere bat egin du Igor Zapirain Ibarrako alkateak: «Farmazien, gizarte zerbitzuen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen arteko lankidetzari esker, sendagaien erabilera egokia bermatzen da, eta horrek eragin zuzena du herritarren osasunean eta bizitza kalitatean».
