Gure Zirkua, inoizko gazteena, zortzigarren bira hastear Getxon

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko maiatzaren 1a

Gure Zirkuko karpa, aste honetan, Algortako portu zaharrean. Argazkia: Gure Zirkua.

Igandean egingo du lehen saioa, Algortako portu zaharrean; gero, Zornotzara joango dira, eta udan Lekeition eta Orion aritu ondoren, Nafarroan eta Araban emango diote amaiera.

2025eko txotx denboraldiari hasiera emateko ohorea izan zuten Gure Zirkua proiektuko kideek. Orduan, ez zuten emanaldirik agendan. Lasaitasunak, baina, amaitu dira, eta igande honetan, maiatzak 4, zortzigarren birari ekingo diote. Gure Zirkuaren aurtengo uzta nolakoa datorren galdetuta, honakoa erantzun du Iker Galartza pailazo eta proiektuaren zuzendariak: «Oraindik, sagardoarekin gertatu bezala, ez dator bizi-bizi, ez dago guztiz ondua, baina ikusten da geroago gorputza eta indarra izango duela. Etengabe entseatzen gabiltza; egunero, goizez eta arratsaldez ari gara probak egiten». Oraindik saioa «heldugabe» egon arren, emanaldiak egitea ere «beharrezkoa» dela adierazi du Galartzak. «Daukagun esperientziagatik pentsa dezakegu zerk funtzionatu dezakeen eta zerk ez, baina jendaurrean probatu arte, ezin jakin».

Iaz, Bizkaia hegoaldean eta Araban ekin zioten birari. Aurten, Bizkaiko kostaldean hasiko dute emanaldi sorta; bukatu, berriz, Araban. Lehenik, Getxon ariko dira, Algortako portu zaharrean, hilaren 17ra bitarte. «Duela bi urte etortzekotan izan ginen, baina azkenean ez zen posible izan. Bagenekien aurten Euskaraldiarekin bat egingo zuela, eta duela urte eta erdi hasi ginen antolatzen. Leku pribilegiatu eta zoragarrian gaude», esan du amezketarrak. Dagoeneko muntatu dute karpa, baina astelehenean, itzalaldi orokorraren ondorioz, gorabeherak izan zituzten prestaketa lanetan. «Ordurako kupula igota zegoen, eta beraz, eskerrak lanak aurreratuta genituela. Argindarrik gabe, harmailak, pista eta dekoratua jartzeko aprobetxatu genuen».

Getxon aritu ondoren, Zornotzara lekualdatuko dira, eta bertan, maiatzaren 23tik ekainaren 14ra bitarte egingo dituzte saioak, astebururo. Bi herrietan ere, lehendik hitzartutako saioez gain, gehiago egingo dituzte. «Sarrerak azkar agortzen ari zirela ikusi genuen, eta garaiz genbiltzanez, data berriak gehitzea erabaki genuen. Bizkaitarrek beso zabalik hartu gaituzte eta zale asko ditugu hemen. Hasierak beti kezkagarriak izaten dira, baina erantzuna ikusita oso pozik gaude», azaldu du Galartzak.

Bizkaiko emanaldiak egin ondoren, Eibarren egongo da zirkua. Arrateko gaina zapalduko du. «Lehen mailako mendate batean egongo gara. Nahiko lan izango dugu kamioiarekin bertara igotzeko», esan du Galartzak. Uztailean, Lekeitiora joango dira, eta gero, urteroko Orioko egonaldia egingo dute abuztuan. Handik, Nafarroa eta Arabara joango dira: Doneztebe, Iruñerria eta Agurain bisitatuko ditu zirkuak.

Amezketarrak ez du zalantzarik aurtengo bira «koloretsua» izango dela. «Alaia eta dibertigarria izango da. Akrobatek, malabaristak, magoak eta pailazook saio berriak prestatu ditugu. Badaezpada esketx zaharrak ondo gordeta ditugu, berriekin inork barrerik egiten ez duenerako».

Gaztetasuna, freskotasuna

Iaz, gaixotasun larri bat tarteko, Galartzak «pena handiz» utzi behar izan zuen zirkuaren bira, Lekeition, eta ezin izan zuen ondorengo emanaldietan parte hartu. Aurten, «arantza hori kendu» nahi duela aitortu du: «Une honetan, hemezortzi urte banitu bezala sentitzen naiz. Nagikeriarik gabe nago, edozertarako gogoz, eta oso pozik».

Aurten, kide berri bat dute taldean. Gainerakoan, erraza ez den arren, azken urteetako multzo bera mantendu dute. «Bi urtez behin taldean kide berriak sartzen saiatzen gara», esan du Galartzak. Nabarmendu duenez, egun, gazteak nagusi dira taldean. «Konturatu gabe, 20-22 urte inguruko zazpi bat artista gaztez inguratuta gaudela ohartu gara. Guretzat gaztetasuna indarra da, freskotasuna, eta horrek bizia ematen digu. Sekulakoa da proiektu honek jarraipena duela jabetzea».

Artistez osatutako talde handien kasuan, konplexua izaten da entseguak egiteko guztiak batera elkartzea, lan kontuengatik; udan, errazagoa izan ohi da. Haur eta gazteak, une honetan, buru-belarri dabiltza ikasketekin. «Bakarren batek, hemendik gutxira selektibitatea izango du, beraz, entseguetan huts egitea ulertzekoa izango da. Hori dela eta, orain arte, artista bakoitza bere kontura aritu da entseatzen».

Txikienen ilusioa

Gazteez gain, beteranoak eta haurrak ere badira Gure Zirkuan. Familientzako emanaldiak egiteaz gain, familia erraldoi bat osatzen dute. Gure Zirkugunea proiektua ere abian dute; haurrentzako ikastaroak eskaintzen dituzte. Saio horietan haur eta gaztetxoen ilusioa «ikaragarria» dela esan du Galartzak. «Zirkuko artistekin entrenatzen, ikasten eta hobetzen ikusten ditudanean, poz handia sentitzen dut. «Zeinen gauza ederrak egiten ditugun» pentsatzen dugu askotan zirkuko kideok».

Ia 100 haur dituzte, Gipuzkoako leku askotakoak: Goierri, Azpeitia, Irun, Zumarraga... «Horrelakoetan, zirkuak erakusten digu haurren artean guztia ez dela futbola, saskibaloia edo pilota; badirela bestelako sentsibilitate bat dutenak. Zirkua egiteko mila aitzakia daude, eta haurrek, norberaren autoestimua indartzeaz gain, bere buruarengan duten konfiantza ere irabazten dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!