Herriarteko Txapelketari ekingo diote

Ataria 2025ko api. 30a, 07:58

Eskualdeko bost herri ariko dira Herriarteko Pilota Txapelketan, eta horietatik lauk eskuzko modalitatean parte hartuko dute: Aduna, Alegia, Amasa-Villabona eta Amezketa. Bihar eta etzi jokatuko dituzte joaneko jardunaldiak.

Prest da 2025eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta eskuzko modalitatean asteburu luze honetan hasiko dira lehen kanporaketekin, final-hamaseirenei dagozkienak. Eskualdeko lau herri ariko dira eskuzkoan: Aduna, Alegia, Amasa-Villabona eta Amezketa. Azken biek, gainera, elkarren aurka jokatuko dute. Tolosak gomazko paletan hartuko du parte Herriartekoan. Eskuzko txapelketaren 57. edizioa izango da aurtengoa, 34.a larruzko paletaz eta pala motzez, 27.a zesta-puntaz eta 7.a gomazko paletaz. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatzen du txapelketa.

Alegia izango da lehenengoa parte hartzen, bihar baitu joaneko jardunaldia Oñatiren aurka. Etxean jokatuko dute alegiarrek, Elorri pilotalekuan, 11:00etan hasita. Pilotariei dagokionez, kadeteetan, Egoi Garaikoetxea, Haritz Leo eta Amets Azpilikueta daude; jubeniletan Egoitz Agirre, Josu Collado eta Oier Garaikoetxea; eta nagusietan, Aratz Irazustabarrena, Julen Oiarbide, Iker Arandia eta Egoi Irazustabarrena.

Amasa-Villabonak eta Amezketak elkarren aurka jokatuko dute lehen kanporaketa. Etzi, ostirala, izango da joaneko jardunaldia, Amezketako Larrunarri pilotalekuan, 18:30ean. Amasa-Villabonako pilotariak hauek dira: kadeteetan, Beñat Larrarte, Imanol Zufiria eta Oinatz Elosegi; jubeniletan, Eñaut Oñate, Unai Zufiria, Aitor Larrarte eta Pello Aranburu; eta nagusietan, Eñaut Aranburu, Aimar Iraola eta Oier Aranburu. Amezketakoak, berriz, ondorengoak: kadeteetan, Oihan Gorostidi eta Igor Goñi; jubeniletan, Ametz Gorostidi eta Oihan Fresneda; eta nagusietan, Eneko Gorostidi, Beñat Gorostidi eta Ugaitz Mujika.

Adunak Azpeitiaren aurka jokatuko du lehen kanporaketa, eta etzi, ostirala, du joaneko jardunaldia, herriko frontoian, 18:00etan. Hauek dira pilotari adunarrak: kadeteetan, Xuhar Iparragirre eta Oihan Navarro; jubeniletan, Inhar Iparragirre, Peru Cestau eta Aiert Aburuza; eta nagusietan, Joanes Cestau, Andoni Olasagasti eta Iker Aburuza.

Aurretik esan bezala, gomazko paletan ariko da Tolosa, eta final-zortzirenetan hasiko da jokatzen, Debaren aurka. Joaneko jardunaldia maiatzaren 18ko asteburuan izango du eta itzulerakoa maiatzaren 25ekoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!