Hiru hamarkada bete ditu Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziak, eta Tolosaldea elkarlanean hazten da lelopean ehun lagun inguru elkartu ziren, joan den astelehen arratsaldean, Lehiberri zentroan. Horien artean izan ziren eskualdeko 28 udaletako ordezkariak, eta enpresetako zein gizarte eragileetako kideak.
Ekitaldiaren hasieran 28 udalerrietako ordezkari politikoek elkarrekin argazki instituzionala atera dute, lehen aldiz modu bateratuan. Keinu horren bitartez azken 30 urteetan Tolosaldea Garatzenek izan duen «konpromiso kolektiboa eta udal guztien arteko elkarlanaren balioa» irudikatu dute.
Elkarlana oinarri
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak garrantzia eman dio hiru hamarkadatako elkarlanari eta sorrerako helburua ekarri du gogora: «Eskualdearen garapena bultzatzea, hazkunde ekonomikoa eta gizarte kohesioa uztartuz. Urte hauetan lortutako arrakastaren gakoa elkarlanean datza, eta gaur egun ere konpromiso hori bizirik mantentzen da».
Era berean, etorkizunera begirako erronkak ere nabarmendu ditu: «Elkarlanaren bidez helduko diegu erronka berriei, hala nola, trantsizio ekologikoa, digitalizazioa eta belaunaldien arteko erreleboa».
Unai Anduezak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, berriz, garapen agentziaren lana eta tokiko garapenerako duen «eginkizun estrategikoa» goraipatu ditu, eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du eskualdearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Eskualdea protagonista
Ordezkarien hitzez gain, bi mahai inguru ere egin dituzte: bata, ekonomiaren ikuspegitik; eta, bestea, arlo sozialetik. Lehen saioa gidatu du Amaia Huerta Tolosaldea Garatzeneko enpresa arloko teknikariak eta parte hartu dute Arantza Oquiñena Casa Eceizako zuzendariak, Andoni Isasti Cadinoxeko zuzendariak eta Mattin Jauregi Balerdipeko Erleak enpresako arduradunak. Hiru arduradunek nabarmendu dute berrikuntza sustatzearen, tokiko ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzearen eta lankidetza publiko-pribatu eraginkor baten beharra.
Bigarren solasaldia ikuspegi sozialetik bideratu dute eta Leire Otaegi Tolosaldea Garatzeneko enplegu saileko arduraduna dinamizatu du. Gizarte inklusioari buruzko erronkak eta aukerak izan dituzte hizpide Ana Monje Inmakulada Lanbide Ikastolako zuzendariak; Xabier Lekuona Sutargi erakundeko arduradunak; eta Hadji Ndene Diop Booloo Senegal elkarteko presidenteak. Hirurek adierazi dute eskualde justu eta integratzaile, besteak beste, beharrezkoa dela eragile publiko eta komunitarioen arteko elkarlana.
Aurrera begirako erronkak
Mahai-inguruen ostean, hitza hartu du Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio Sailburuordeak eta, besteak beste, nabarmendu du garrantzitsua dela eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialerako lankidetza instituzionala.
Joxe Luis Urdangarinek, Tolosaldea Garatzeneko kudeatzaileak, berriz, erronka berrietan jarri du arreta: «Erronka berriei aurre egiteko aurten bertan ekingo diogu hausnarketa estrategiko prozesu berri bati. Prest gaude horiei heltzeko, beti bezala elkarlanetik, entzute aktibotik eta konpromiso partekatu batetik abiatuta».
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie bertaratutako kide guztiei, eta urte hauetan guztietan erakutsitako babesa eta konpromisoa aitortu.