Biharko, maiatzak 1, manifestazio nazionala deitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Bilbon, Gerra inperialistari ez! Europako estatuen militarizazioaren aurka kaleak hartu! lelopean. 13:00etan aterako da Jesusen Bihotza plazatik, eta bertara joateko, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak autobusa antolatu du eskualdetik. Tolosako Raku tabernan eman behar da izena, eta honakoak izango dira irteera orduak: Villabonan 10:45ean irtengo da autobusa Olaederra kiroldegitik; Tolosan, 11:00etan, Usabal kiroldegitik; eta Ibarran, Tolosako ordu berean, kultur etxe paretik.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak salatu duenez, Europar Batasuneko herrialde guztietan «estatuen gaitasun militarrak areagotzeko planak sustatzen» ari dira, «Europaren defentsa eta autonomia estrategikoa bermatzeko aitzakiapean». Horri guztiari aurre egiteko beharra azpimarratu dute, eta horretarako, biharko mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu dute.
Adierazi dutenez, Estatu Batuetako gobernu aldaketak «ezegonkortasuna areagotu» du Europako agintarien artean. «Badirudi Trumpen gobernuak nahiago duela diru inbertsioa beste eremu batzuetara bideratu Europa eta Ukrainako gerra finantzatzera baino. Testuinguru honetan, Europako estatuak berrarmatu eta horren autonomia estrategikoaz diharduten planak biderkatu egin dira, baina ez gaitzatela nahastu. Plan hauen bitartez ez da inondik inora Europaren burujabetza bermatuko. Europak ekonomikoki, politikoki eta militarki Estatu Batuei eta NATOren mandatuari lotuta jarraituko du», azaldu du kontseilu sozialistak.
Hori guztia, Europako ekonomia «hondoratzen» ari den egoera batean gertatzen ari dela nabarmendu dute. «Europako agintariek beraien poltsikoak bete nahi dituzte, armagintza negozio pribatua finantzatuz, eta litekeena da horrek gerrarako arriskua eta murrizketak eragitea». Kontseilu sozialistaren ustez, Europako estatuen berrarmatzeak ez du herrialde horien segurtasuna areagotuko: «Europako estatuen arteko harremanak tenkatuko ditu eta estatuen barnean ere kontraesanak biderkatuko ditu».
Gastu militarra gora
Euskal Herriaren kasuan, «dagoeneko abiatzen ari den euskal industriaren berregituraketa militaristaren aurka egitearen beharra» nabarmendu dute kontseilu sozialistatik, eta uste dute testuinguru honetan kaleak hartzea «urgentziazkoa» dela. «Hego Euskal Herrian ere ikusi besterik ez dago krisia zein gogor ari den kolpatzen. Besteak beste, enpresen itxierak iragarri dituzte».
Hori dela eta, Europar Batasuneko herrialde guztietan gastu militarra «etengabe» igotzen ari direla salatu dute. «Adibidez, Espainiak 10.471 milioi euro gehiago bideratuko ditu defentsara, aurten gastu militarra BPGaren %2ra hel dadin. Aurrekontu militarren etengabeko igoerak litekeena da murrizketak ekartzea, gastu sozialean eraginez».
Amaitzeko, gerrari eta estatuen berrarmatzeari aurre egiteko, langile klaseko antolakunde zein norbanakoen arteko batasuna «ezinbestekoa» dela esan dute: «Kaleak hartzeko unea da, gerraren aurkako oihuak ozen entzun daitezen. Gerrari eta langile klasearen pobretzeari aurre egingo dion erreferente iraultzaile bat eratzea dagokigu, nazioarte mailan hedatuko dena eta herrialde bakoitzean sustraituta egongo dena. Jendarte komunista baten eraikuntza da gerrarik eta zapalkuntzarik gabeko mundu baterako bermea».