Koldobika Jauregiren omenezko 'Bizitza efimeroa' erakusketa, Aranburu Jauregian

Ataria 2025eko apirilaren 29a

Iazko udazkenean jarri zuten Fagus Alkizan 'Bizitza efimeroa' erakusketa. JON MIRANDA

Iaz hil zen artista alkizarraren lanak nahiz gertuko beste 22 artisten artelanak biltzen ditu; gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia, 19:30ean, eta ondoren, ekainaren 7ra bitarte bisitatu ahal izango da.

Eskultura, pintura, argazkigintza... arte-diziplina anitzetako hogeitik gora artelan biltzen ditu gaurtik aurrera bi hilabete pasatxoz Aranburu Jauregian ikusgai izango den Bizitza efimeroa erakusketa kolektiboak. Koldobika Jauregik Elena Cajaravillerekin batera sortutako Ur Mara museoak eta Alkizako Udalak herriko beste zenbait eragilerekin elkarlanean artistaren heriotzaren testuinguruan antolatutako ekitaldien artean kokatzen da erakusketa.

Orain arte, Alkiza eta Zarautzen izan da ikusgai, eta ekainaren 7ra arte Tolosan izango da; asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da, 17:30etik 20:30era. Gaur, asteartea, izango da inaugurazioa, 19:30ean, eta bertan izango dira Jauregiren senide eta lagunak.

Jauregiren lanez gain, beste 22 artisten lanak ere ikusi ahal izango dira, eta horien artean daude Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron eta Anjel Navas tolosarrenak, Cajaraville, Gerezi Jauregi eta Xabier Artola alkizarrenak eta Uxue Lasa billabonatarrarenak. Honakoak dira gainerako egileak: Jose Ramon Anda, Eduardo Arreseigor, Isabel Azkarate, Eider Baile, Virginia Bosch, Natalia Cambronero, Juan Txillida, Detritus, Pablo Juarros, Keixeta, Mikel Lertxundi, Iñaki Ruiz de Egino, Barbara Stammel, Jose Luis Zumeta eta Pablo Zurriarain.

«Zure suaren garrek indarrean jarraitzen dute eta ikasi dugu, badago beste modu bat, naturan libre gara, efimero, eta gure irudimenean dagoena, existitzen da. Alkizan elkartuko gara. Eskerrik asko». Hitz horiekin amaitzen da lagunek Koldobika Jauregiri idatzitako esker-gutuna, eta gutun horrek zabaltzen du artista alkizarrari eskainitako erakusketaren katalogoa.

Koldobika Jauregi Zinkunegi (Alkiza, Gipuzkoa, 1959-2024) euskal eskultore autodidakta izan zen. Bere ibilbidea 1978an gazteen lehiaketa bat irabazi ondoren hasi zen. 1990ean Eduardo Txillidaren Zabalaga beka jaso zuen eta Insel Hombroich museoan bost urteko egonaldia egin zuen artista gonbidatu gisa (1996-2001). Alkizako Ur Mara museoa sortu zuen Cajaravillerekin batera, artea eta natura uztartuz. Bere lana Bilboko Guggenheim museoan eta nazioarteko hainbat museotan erakutsi zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!