Arrillagak aurrera, Erasunek ez

Ataria 2025eko apirilaren 28a

Etxegarai-Erasun eta Zabaleta-Capellan bikoteak, larunbatean, Lodosan jokatutako partidaren aurretik.

Behar Zana Pilota Elkarteko Miriam Arrillaga usurbildarrak Nafarroako Irekia txapelketako finalerdia jokatuko du Aldairekin bikotea osatuz; Itxaso Erasunek ez du lortu finalerdietara sailkatzea.

Larunbatean, Nafarroako Irekia txapelketako final-laurdenetako ligaxkako partidak jokatu zituzten Lodosan. Bertan, erabakita geratu ziren txapelketako finalerdietako partidak. Batetik, Miriam Arrillaga Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko pilotari usurbildarrak eta Amaia Aldaik, 22 eta 14 irabazi zien Arrizabalaga-Mendizabal bikoteari. Partida gogorra eta lehiatua izan zen, eta atzeko koadroetan egon zen alde handiena; Arrillaga Mendizabal baino gehiago izan zen. Jaialdiko beste partidan, Itxaso Erasun Behar Zanako pilotari zizurkildarrak, ezin izan zuen finalerdietara sailkatu. Etxegarairekin bikotea osatuz, 22 eta 11 galdu zuten Zabaleta-Capellan bikoaren aurka. Irabazleek erakustaldi handia emanda lortu zuten garaipena eta finalerdietarako txartela.

Asteburuan jokatuko dituzte finalerdiak. Larunbatean, Zabaleta-Capellan eta Salsamendi-Mendiburu bikoteak Altsasun neurtuko dituzte indarrak. Igandean, berriz, Arrillagaren txanda izango da. Aldairekin batera, Ibarrola-Gaminde bikoteari egingo diote aurre, Lekunberriko pilotalekuan. 18:00etan izango dira partidak, eta txapelketako antolatzaileek finalerdi «oso erakargarriak» espero dituzte. Finala maiatzaren 11n jokatuko da Iruñeko Labriten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!