Iñaki Artola pilotari alegiarrak Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako partida jokatu zuen larunbatean, Unai Lasoren aurka, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Laso nagusi izan zen partida guztian zehar, eta azkenean, 22 eta 13 irabazi zion Artolari. Alegiarrak aukera bat zuen finalerdietarako matematikoki sailkatzeko; irabazi egin behar zuen, eta gero, Elordik Peio Etxeberriaren aurka ere garaipena lortu behar zuen. Artolak, baina, ez zuen irabazi, ezta Elordik ere, eta beraz, mallabitarra txapelketatik kanpo geratu da, matematikoki. Alegiarrak, berriz, azken aukera bat izango du finalerdietara sailkatzeko.
Horretarako, Peio Etxeberriari irabazi behar dio. Maiatzaren 11n jokatuko dute ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida Eibarko Astelena pilotalekuan. Garaipena eskuratzen duenak egingo du aurrera, B multzoan bigarren postuan sailkatuta, eta finalerdietan zain izango du Iker Larrazabal, A multzoan lehen postuan sailkatuta dagoen pilotari amurrioarra.
Bestalde, Jokin Altunak igande honetan, maiatzak 4, jokatuko du hil ala biziko partida, A multzoko hirugarren jardunaldikoa, Dario Gomez errioxarraren aurka; Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da partida. Artolaren kasuan bezala, amezketarrak ere irabazi egin behar du finalerdietan egoteko; bestela, txapelketatik kanpo geratuko da. Garaipena eskuratzen duen pilotariak Unai Laso, B multzoko lehen sailkatua, izango du aurkari finalerdietan.
Ostegunean, Tolosan
Ostegunean, maiatzak 1, Serie B txapelketako A multzoko hirugarren jardunaldiko bi partida jokatuko dituzte Tolosako Beotibar pilotalekuan; 17:15ean hasiko da jaialdia. Alde batetik, Bakaikoak Egiguren V.aren aurka jokatuko du. Bestetik, Aldabek Lizeaga izango du aurkari. Aldabe jada sailkatuta dago finalerdietarako, eta Bakaikoaren eta Egigurenen artean irabazten duenak ere lortuko du hurrengo faserako txartela.