Ataria Irratia bat-batean itzali denean alarmak piztu dira: erredakzio osoan argindarra erori da. 28 Kanaleko lankideak leihotik ea nola ginen galdetu digunean, zerbait orokorra zela ikusi dugu. Tolosako San Esteban auzoko eraikinean garbitzaileek ere ez zuten argindarrik. Ondoan dagoen Tolargira joan garenean, bertako langile bat mugikorra eskuan gelditu ezinik zebilen: «Gipuzkoa osoan erori da; erotzear nago».
Egoeraren aurrean, herritarren erreakzioak biltzen hasi gara. Saltokirik handienera joan eta ezustekoa, argia zegoen. Indar sorgailua martxan jarri dutela kontatu digute 12:30ak inguruan: «Irauten duen bitartean zabalik jarraituko dugu».
Lehen argazkia atera ondoren, beste saltoki batetara, eta hemen bai, iluntasuna eta atea ixten erosketa karrotxoak. Langileak kanpoan eta erantzunak baino galderak: «Zer gertatzen ari da? Europa osoan joan dela esan dute batzuek. Horrela al da?».
Autoan irratia jarri eta igogailuetan jendea harrapaturik zegoela esan dute. Tolosako Alde Zaharrean horrelako kasu bat gertatu dela jakin dugu ondoren. Semaforoak ere, kolorerik gabe. Ezinegona handitzen joan da lehen une horietan: Banketxeetako langileak kanpoan batzarturik; dendak ilunpean; tabernetan argirik gabe ahal zuten moduan lanean... txanpon digitalarentzat, itsuraz, egun iluna gaurkoa.
Tren bat geldirik zegoen Tolosako estazio nagusian. Bidaiariak noraezean, bozgorailuetako mezua behin eta berriz entzunez: «Argindarra joan da eta zerbitzua etenik dago». Bertako langileak ere ez zekien askoz gehiago: «Esan didate Irundik Tolosara etorriko direla trenak, baina hemen geratuko dira. Brinkolara ez da inor joango. Ez dakit besterik».
Haurrak eta ikasleak kaleetan agertzen hasi dira. Ikastetxeetan, ordea, normaltasuna nagusitu dela esan digute. Irurako Ikastolan klaseekin jarraitu dute eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan, ordu erdiko kontua izan dela baieztatu digute. Ordurako, eskualdeko hainbat puntutan argindarra itzultzen hasia zen.
Baina okerren, industrialdeetan pasa dute. Tartean, Asuncion Klinikara joan gara, nahiz eta jakin argi sorgailuekin lanean ariko zirela. Eta horrela baieztatu digute: «Argindarra joan denean sorgailuekin hasi gara eta ez da arazorik izan. Ebakuntzak egiten jarraitu dugu, ohiko zerbitzua ematen jarraitu dugu. Hori bai, anbulantziekin harremanetan jartzeko arazoak ditugu. Telefono deiak ez dabiltza oso ongi».
Eta lehen esandakoa, egoera ilunena enpresetan ikusi dugu. Aiztondo aldera joan gara, eta lantegietan kezka zen nagusi. Lehenengoan langileak etxera bidean harrapatu ditugu: «bagoaz, hemen ezin dugu ezer egin». Ondoko enpresan, arduradunak «argindarra sei edo hamar ordu barru itzuliko omen da» esan digu. Langile batek, euren errealitatea kontatu digu: «biltegia txukuntzen ari gara baina egin beharreko lana ez gara egiten ari, bezeroak zain ditugu baina ezin diegu ezer bidali». Ezer egin ezin horretan, lantegi kanpoan kotxea garbitzen zegoenik ere bazen. «Begira zertan ari garen», esan digu nagusiak gerturatu orduko. «Niretzat hau galera handia da, noski. Alferrikako egun oso bat». Bazkal ordua pasata, bazkaltzera joan ez denik ere topatu dugu, eta oso kezkaturik, gainera: «Nola nagoen? Beldurrez. Beldur handiz. Makina honi begira nago denbora guztia. Kolpetik argia joaten denean oso arriskutsua izaten da, eta itzultzen denean oraindik eta gehiago. Intentsitatea jaitsi dugu badaezpada, itzulera horretan erre ez dadin. Baina ez dakigu argindarra moztu denean zer gertatu zaion. Beldur naiz. 10.000 euroko galeraz hitz egiten ari gara, eta seguru etxeak hor dauden arren, hasi zaitez borrokan beraiekin».
Bulegora itzuli eta Ataria Irratia martxan, eta hurrengo eguneko egunkaria salbu da. Atzeratutako whatsapp mezuak irakurtzen hasi eta argi pixka bat: «Ibarran badago argia»; «Tolosan, nire etxean itzuli da»; «Amasa-Villabonan eta Zizurkilen itzuli omen da, Anoetan oraindik ez. Alkateek baieztatu dutenez, gertaera edo istripurik ez omen da egon»; «Ugarten ez dago argirik»; «Apatta industrialdean ere ez». Eta azkena, 18:15ean, Usabalgo lantegi bateko langile batek baieztatua: «Oraindik argindarrik gabe gaude».