Apirilaren 28tik aurrera Lurraldebuseko (GO07) linea berria erabilgarri egongo da. Linea horrek Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotuko ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez, «Tolosaldea, Goierri eta Urola Garaia arteko konexioak nabarmen hobetuko ditu, egunero lanera edo ikasketengatik batez ere joan-etorriak egitera behartuta dauden hamarnaka pertsonari zerbitzua emanez».
Linea berria Zumarragatik abiatuko da astelehenetik ostiralera, 06:15etik 21:15era, eta orduero izango da. Tolosako Santa Klarako geltokira puntuetan ailegatzea aurreikusi dute. Larunbat, igande eta jaiegunetan, bi ordutik behin izango da zerbitzua, 08:15etik 22:15era.
Kontrako noranzkoan, astelehenetik ostiralera, autobus bat egongo da orduero, Donostiatik 06:45etik 21:45era bitartean irtengo dena. Tolosara (Rondilla kalea) ordu eta 20 minututan iritsiko da gutxi gorabehera. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, autobusak egongo dira Donostiatik, bi orduz behin, 08:45etik 22:45era bitartean. Aldunditik nabarmendu dute linea berri hau martxan jarrita, Tolosa «komunikazio-korapilo» bihurtuko dela Goierriko eta Urola Garaiko biztanleentzat, «izan ere, hemendik transbordatu ahal izango dute Donostiako hainbat gunetara iristeko, baita beste udalerri batzuetara iristeko ere».
Egungo tarifa eta hobarien arabera, txartelaren kostua 2,90 eurokoa izango da eskudirutan ordaintzen dutenentzat, 0,96 eurokoa Mugi anonimoarekin ordaintzen dutenentzat, eta 0,73 eurokoa txartel pertsonalizatuarekin ordaintzen dutenentzat. 12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute. Gainera, Mugirekin bidaiatzen duten pertsonek sistema honek eskaintzen dituen abantaila guztiez gozatu ahal izango dute, hala nola, doako transbordoak, erabileragatiko hobariak, kolektibo berezientzako deskontuak eta mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileentzako doakotasuna.
«Oso kontziente gara hiru eskualde horien arteko eguneroko trafiko izugarriaz. Horregatik, martxan jarriko dugun linea berriarekin, goierritarren aldarrikapen historiko bati erantzuteaz gain, nabarmen hobetuko ditugu Tolosaldea, Goierri eta Urola Garaia arteko garraio publikoko komunikazioak, egunero joan-etorriak egitera behartuta dauden pertsona guztientzako zerbitzu jasangarri, eroso eta segurua eskainiz, eta, gainera, N-I errepidetik ibilgailu pribatuak ateratzen lagunduz», azaldu dute aldunditik.