Saralegi eta Regillaga seigarren, World Series zirkuituko bigarren proban

Ataria 2025eko apirilaren 16a

Judo Klub Tolosako Unai Saralegi eta Unai Regillaga asteburuan Reims (Frantzia) hirian izan dira. Bertan Nage No Katako mundu mailako World Series zirkuituaren bigarren txapelketan parte hartu dute, Europako bikote onenak elkartuz. Seigarren postua lortu dute, baina ez dira konforme geratu finalean jasotako puntuazioarekin.

Sailkapen fasean hirugarren postua lortu zuten, eta horrekin nahikoa izan zen lehen seiak sailkatzen baitziren finalerako. «Finalean gure lana hobetu arren, sailkapenean baino puntuazio okerragoa lortu genuen bai gure eta gure aurkarien sorpresarako», azaldu du Saralegik. «Gure ustetan egindako lanak domina merezi zuen. Gauza hauek noizean behin gertatzen dira eta txapelketaren parte dira. Motibazio estra izango da Europako Txapelketa prestatzeko».

Bestalde, Judo Klub Tolosako Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri larunbatean Portugalgo Torres Novas hirian izango dira Trofeo Iberikoan parte hartzen. Bertan estatuko sailkapenerako puntuak pilatzea da beraien helburua.

Hori eta gero, klubeko bi bikoteak buru belarri Europako Txapelketa prestatzen jarriko dira. Letoniako hiriburuan, Rigan, egingo da lehiaketa hori, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!