25 urtez Sahararekin

Materiala banatu dute kanpalekuetan

Leyre Carrasco 2025eko apirilaren 14a

Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak errefuxiatuen kanpalekuetan daude, bildutako materiala banatzen; 'Ataria' ere bertan da, bidaiaren jarraipena egiten.

Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek urtean zehar eskualdean bildutako materiala banatuko dute egunotan, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. 2.000 kilo material bildu dute, eta kanpalekuetako hainbat txokotan egingo dute banaketa bertara joanak diren Ana Aranguren, Ana Elosegi eta Ines Urkola elkarteko kideek. Bertan izango dira ostirala bitarte, eta ATARIA-k bidaiaren nondik norakoen berri emango du.

Iritsi eta lehen egunean, Bojador herrira bertaratu dira. Bertan zegoen eskualdean bildutako materiala, eta hura sailkatzea izan da lehen zeregina. Guztira 159 kaxa; horietatik 22 kaxa jostailuz eta eskolako materialez beteta; 30 kaxa gizarte zerbitzuetara bideratutako materialarekin; 99 elikagai kaxa; eta azken zortzi kaxak udan haur sahararrak etxean izaten dituzten harrera familiek bidalitakoak. Horiek sailkatu ostean, banatzea izan da hurrengo pausoa.

Igandean, esaterako, Rabouniko gizarte zerbitzuetara joan dira 30 kaxa uztera. Hortik, Saharako Ilargi Erdi Gorriaren egoitzara bideratu dira, 99 elikagai kaxak entregatzera. Egun horretan, gainera, Gazteria eta Kirol Ministerioan egin dute geldialdia, bertan duten jarduna eta proiektuak ezagutu asmoz.

Gaur, berriz, Aaiunera joan dira, Cantabria eskolara, jostailuz eta eskolako materialez betetako 22 kaxak uztera. Kaxak ireki eta materiala banan-bana banatu diete ikasleei. 5 eta 6 urte bitarteko 900 ikasleek pozez hartu dute elkarteko kideen eskutik jasotakoa.

Horrez gain, harrera familiek euren haur sahararrei prestatutako material kaxak ere banatu dituzte. Aurtengo udan, lehen aldiz, eskualdera etorriko diren haur sahararrei euren harrera familiek bidalitako eskutitzak ere entregatu dizkiete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!