Jakako eta Leitzako lasterketetan, eskualdeko korrikalariak garaile

Ataria 2025eko apirilaren 14a

Joseba Olaetxea tolosarra Jakako 5 kilometroko proban gailendu zen; Nerea Murua altzotarra, berriz, 10 kilometrokoan. XLIII. Leitzako Herri Krosean, Eneritz Iraola bidaniarra izan zen garaile 5 kilometroko proban.

Atletico Oroel klubak eta Fartleck Sport taldeak antolatuta, larunbatean, 10K eta 5K lasterketen bigarren edizioa ospatu zen Jakan (Aragoi). Proba motzean, gizonezkoetan, Ixilpen taldeko Joseba Olaetxea tolosarra izan zen garaile. 15 minutu eta 19 segundotan burutu zuen ibilbidea. Alberto Puyuelo izan zen bigarren (15.26) eta Javier Castells hirugarren (15.28).

Olaetxea, baina, ez zen eskualdeko garaile bakarra izan Jakan. 10 kilometroko proban, emakumezkoetan, Nerea Murua altzotarra helmugaratu zen lehen postuan. 38 minutu eta 9 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Erica Villa izan zen bigarren (38.34), eta hirugarren postuan, Ixilpen taldeko Nagore Azkue tolosarra helmugaratu zen (39.43).

Leitzan ere, eskualdekoak podiumetan

Larunbatean baita ere Leitzako Herri Krosaren 43. edizioa ospatu zen. Jakan bezala, 5 kilometroko eta 10 kilometroko proba bana izan zen. Distantzia luzeko proban, emakumezkoetan, Laiane Arrospide tolosarra hirugarren izan zen (40.31). June Agirrezabalaga zarauztarrak irabazi zuen proba (38.52) eta Eguzkiñe Zabaleta donostiarra izan zen bigarren (39.46). Gizonezkoetan, eskualdeko lehen korrikalaria Ibai Etxegia ibartarra izan zen (35.31); 40 segundora izan zuen podiuma.

Proba motzean, berriz, emakumezkoetan, Eneritz Iraola bidaniarra izan zen garaile (20.09). Bigarren postuan, Ixilpen taldeko Jone Galan ibartarra helmugaratu zen (20.34), eta Marta Muñoz leitzarra izan zen hirugarren (21.01). Gizonezkoetan, eskualdeko korrikalari bat igo zen podiumera; Aritz Intxaurrondo berastegiarra hirugarren izan zen (16.34). Garaile izan zen Raul Amatriain uitziarra (16.09) eta Sergio Roman donostiarra (16.11) helmugaratu ziren bere aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!