Prest da 2025eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Aste honetan egin zuten aurkezpen ekitaldia eta kanporaketen zozketa, Donostiako Kirol Etxean, parte hartuko duten herrietako ordezkari eta pilotari askok lagunduta. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) presidente izendatu berri Iñaki Lizasok gidatu zuen saioa, eta alboan izan zituen bi babesleen ordezkariak: Rural Kutxako Lide Cruz eta Aramendia pasteleriako Iagoba Ezama.
Klub guztiei eskerrak emanez ekin zion aurkezpenari GEPFko presidente Lizasok, eta babesleei hitza eman zien ondoren. «Iaz oso-oso gustura egon ginen, eta errepikatu nahi izan dugu», adierazi zuen Aramendiako Ezamak. «Betidanik izan da oso txapelketa berezia guretzat, eta hor egon nahi genuen». Ildo beretik mintzatu zen Rural Kutxako Lide Cruz, eta pozik azaldu zen elkarlanean jarraitzeagatik: «Guretzat ere oso txapelketa berezia da, gure baloreekin bat egiten du». Gainera, pilotariei jakinarazi zien, aurreko edizioetan bezala, hitzarmena sinatu dutela Pilotadendarekin, eta 60 euroko txartela izango dutela bertan gastatzeko.
Aurtengo edizioaren hainbat xehetasun eman eta gero, kanporaketen zozketari ekin zioten mahaikideek, pilotariak eta ordezkariak urduri eta jakin-minez adi-adi zituztela. Maiatzaren 4ko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuzko eta gomazko paletako lehien kanporaketekin. Eskuzko txapelketaren 57. edizioa izango da aurtengoa, 34.a larruzko paletaz eta pala motzez, 27.a zesta-puntaz eta 7.a gomazko paletaz.
Aduna, Alegia, Amasa-Villabona eta Amezketa ariko dira eskuzko modalitatean. Guztiak final-hamaseirenetan hasiko dira parte hartzen, joanekoa maiatzaren 4ko asteburuan eta itzulerakoa maiatzaren 11koan jokatuz. Amasa-Villabonak eta Amezketak elkarren aurka jokatuko dute. Alegiak Oñati izango du aurkari eta Adunak Azpeitia.
Gomazko platean ariko da Tolosa. Final-zortzirenetan hasiko da jokatzen, eta Deba izango du aurkari. Joaneko jardunaldia maiatzaren 18ko asteburuan izango da eta itzulerakoa maiatzaren 25ekoan.