Lurralde Oreka Berdea departamentuak datozen asteetan izango diren hiru ekitaldiren berri eman du gaur; Iturrarango Landare Berezien Azoka, larre irekiera eta Natura Parkeen Egunak. Ekitaldi horiek apiriletik ekainera bitarte izango dira.
Xabier Arruti diputatuak esan du ekitaldien helburua dela Gipuzkoako natura eta lehen sektorearen balioa azpimarratzea eta herritarrengan ingurune naturalaren zaintza eta babesa sustatzea. «Gipuzkoa lurralde oreka berdea eta komunitate balioak uztartzen dituen lurraldea da. Duela 1.000 urte lehen aldiz Ipuskoa izendapena idatziz jaso zuen dokumentuak, gure identitate kolektiboaren adierazgarri, gure ingurune naturalarekin eta elikadura-subiranotasunarekin dugun harremana erakusten du. Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 lelopean ospatzen ari garen mendeurrenak gure historiaren eta ondarearen ezagutza sustatzeaz gain, natura eta lehen sektorea balioan jartzeko aukera eskaintzen digu, eta ekitaldi hauek gure konpromisoa berresten dute naturaren eta lehen sektorearen alde», gaineratu du.
Larre irekiera
Andoni Zuriarrain Berastegiko alkatea egon da ekitaldien aurkezpenean eta zehaztu du Gipuzkoako larre irekiera apirilaren 27an izango dela, 11:30ean Gorosmendi gainean. Ekitaldian mendiko larreen irekiera sinbolizatuko duen abereen igoera egingo dute eta herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera. Zuriarrain ez da izan ekitaldian parte hartu duen eskualdeko alkate bakarra, bertan izan baita Abaltzisketako Jon Zubizarreta. Natura Parkeen Egunaren berri eman du Zubizarretak. Esan du ekainaren 1ean Oiartzungo Udalarekin elkarlanean antolatutako Aiako Harria Parke Naturala izango dela eta Abaltzisketako Udalarekin elkarlanean Aralar Parke Naturala ekimena egingo dela ekainaren 8an. Bi ekitaldi horietan izena emateko argibideak, datak gerturatu ahala, aurrerago azalduko dituzte.
Azkenik, Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak Iturrarango Landare Berezien Azoka aurkeztu du. Apirilaren 26an eta 27an ospatuko da azoka, Iturrarango Lorategi Botanikoan (Pagoetako Parke Naturalean, Aia). Azoka honek landare bildumazaleak eta naturazaleak biltzen ditu urtez urte, eta aurten 57 parte-hartzaile izango ditu, horietako 30 frantziarrak. Ekitaldiak jarduera osagarriak ere eskainiko ditu, hala nola argazkigintza ikastaroa eta lore-tailerrak. Urtero zale asko erakartzen dituen ekitaldia da, eta landare bildumazaleek galtzen ez duten hitzordua. Bertaratu nahi duen orok jada eskuragarri ditu sarrerak Gipuzkoanatura.eus webgunean.