Itzulia eskualdeko herrietatik igaroko da bihar

Ataria 2025ko api. 8a, 17:48

Alkizatik igaroko dira berriro txirrindulariak.

Txirrindularientzako hirugarren etapa izango da. Zarautzen hasi eta Beasainen bukatuko da.

Atzo jarri zen abian gizonezkoen Itzulia, erlojuaren kontrako etaparekin, eta gaur bigarren etapa egin dute, Nafarroan, Iruñean hasi eta Lodosan bukatuta. Biharko etapan txirrindulariak eskualdeko herrietatik igaroko dira, tartean Alkizara igoz.

 

Eskualdeko txirrindulari bakarra tropelean Kern Pharma taldeko Unai Iribar ibartarra da. Atzoko erlojuaren aurkako proban 96. postuan amaitu zuen, irabazlearengandik 1.28ra. Gaurko etaparen garaipena esprintean jokatu da, Caleb Ewan izan da irabazlea eta tropelean sartu da ibartarra.

 

Zaleek aukera izango dute biharkoan mundu mailako txirrindulariak gertutik ikusteko. Zarautzen hasi eta Beasainen bukatuko da etapa, eta eskualdeko hainbat herritatik pasako da tropela. Andazarrate mendatetik sartuko dira txirrindulariak eta Asteasura jaitsiko dira, 14:40ak aldera. Ondoren Alkizara (14:50) igoko dira, hirugarren mailako mendatea, eta Anoetara (14:55) jaitsiko dira, Tolosara (15:00) Belate auzotik sartzeko. Tolosa zeharkatu ondoren, Olarrain auzoko bidegurutzean Bidania-Goiazko errepidea hartuko dute, baina ez dira bertatik pasako, Beizama aldera joko dutelako.

 

Santa Agedako mendatea igo ondoren, eta Beasain aldera Mandubia mendatetik joanez, ondoren Gaintzara igoko dira, eta handik berriro sartuko dira txirrindulariak eskualdera, Larraiztik igarotzeko, 16:40ak aldera. Abaltzisketatik pasa eta Amezketara (16:45) jaitsiko dira, ondoren Alegiatik (16:55) igarotzeko. Bertan esprinta izango dute txirrindulariek. Alegiatik Ikaztegietara (17:00) joango dira eta handik Goierri aldera egingo dute. Beasaingo metara (17:30) iritsi aurretik Lazkaomendiko mendatea igoko dute, helmugarako sei kilometroren faltan.

 

Trafikoan eragina izango du Itzuliak, eta tropela igaroko den herrietako udalek herritarrei jakinarazi die errepideak moztu egingo direla. Komeni da, beraz, kontuan izatea txirrindulariak zer ordutan pasako diren, autoz egin beharreko bidaiak planifikatzeko. Ordutegia txirrindularien abiaduraren arabera izango da, beraz, etaparen egoera zein den jakitea komeni da.

 

Bere aldetik, Tolosako Udalak jakinarazi du 10:00etatik aurrera ezingo dela aparkatu ibilbidean zehar: Kale Barrena, Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua. Bestalde, trafikoa (Rondilla-San Frantzisko) 14:00etan itxiko da. Ondorioz, autobusek Jon Andoni Irazusta pasealekutik eta Santa Klaratik barrena egingo dute bidea. Ordu tarte horretan garajeak ezingo dira erabili.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!