Berdinzalea al da ahanztura? Gizakiarentzat zenbait gertakari izatez dira ahaztezin eta beste zenbait, berariaz, ahazkor. Historiak gutxi izaten du ausazkotik, eta are gutxiago du zoritik hartaz zer gogorarazten —edo ahantzarazten— den. Hautsak harrotzen dituzte gerrek, eta, denborak eramaten, haien aieneak. Astelehenean egingo dituzte Tolosako Jardunaldi Errepublikarrak, eta Tolosaldeko gerra-haurren zerrenda aurkeztuko dute, besteak beste.
Intxorta 1937 elkarteak antolatu ditu hitzorduak, eta haren bitartez jaso dute informazioa Eugenio Alkortak eta sendiak Sobietar Batasunera joandako Anbrosio Alkorta osabari buruz. Anbrosio 1923ko abenduaren 5ean jaio zen Arrasaten, Gesalibar auzoko Saratxo baserrian. Alkizakoa zen haren aita, Fermin Alkorta Sasiain eta Jakoba Orbegozo Atxotegi amarekin Arrasaten bizi izan ziren; lehenik, Anbrosio eta, hiru urte geroago, Asuncion jaio zirenean. Anbrosiok lau bat urte zituela lekualdatu zen sendia Arrasatetik Txaramara bizitzera, seme-alabekin eta Miren Arrese Orbegozo ilobarekin; azken hori, Anbrosio baino bost urte zaharragoa zen eta Arrasateko baserrian familia handia zenez, osaba-izebekin Txaramara bidaltzea erabaki zuten. Gerora Txaraman Eugenio, Ana eta Luis Mari jaioko ziren.
Txarama, Bilbo eta Habana
Fermin aitak Txaramako Araxes paper fabrikan egiten zuen lan kolpe militarraren aurkako erresistentzia martxan jarri zenean. Errepublikazaleekin trintxerak egitera joan zen eta zulatzaile-meatzarien 7. batailoian aritu zen miliziano.
Aita frontean errepublikazaleekin, eta ama etxean bost seme-alabekin eta ilobarekin. Egoera horretan guztiak hartu eta Bilbora, ahizpa baten etxera, ihes egitea erabaki zuten. Txaramatik ihes egin zutenean hamahiru urte zituen Anbrosiok; hamar Asuncionek; zortzi Eugeniok; bost Anak; hiru Luis Marik eta hemezortzi Miren ilobak. Dena dela, Bilboko ahizparen etxean denbora batez egon ondoren, bertan jende asko bizi zela-eta, handik ere irten behar eta berriz ihesari ekin zioten.
Durangoko eta Gernikako suntsiketak eta Bilboko bonbardaketak bizi izan zituzten, eta, aukera sortu zitzaienean —beste familia askok bezala—, seme-alabak erbestera bidaltzea erabaki zuten, kasu hartan, Sobietar Batasunera. Izatez Anbrosio eta Asuncion ziren joatekoak, baina Asuncionek atzera egin eta Eugeniok anaia zaharrenarekin joatea erabaki zuen. Horrela, hamahiru urteko Anbrosio eta zortziko Eugenio Santurtziko portuan Habana itsasontzian ontziratu ziren 1937ko ekainaren 13an, Frantziara abiatzeko.
Frankistek portutik inongo itsasontzirik ez ateratzeko agindua zuten eta baten bat itsasoratuz gero hura bonbardatzeko Cervera ontzia zebilen itsasoan. Cerveraz babesteko, Habana ontziarekin batera errepublikaren beste itsasontzi bat zihoan eta Cervera urrutira agertu zen unean umeak babesteko errepublikazaleen itsasontziak buelta eman, harengana gerturatu eta bidaltzea lortu zuen.
Bordele eta Sobietar Batasuna
Bordelen itsasontziz aldatu eta Sontay izeneko ontzian sartu ziren Sobietar Batasunera joateko. Leningradora [gaurko San Petersburgora] ekainaren 22an iritsi eta 23an jaitsi ziren ontzitik, portuan musika eta guzti, eta bertako herritarrek ongietorri beroa egin zieten. Iritsi bezain laster idatzi zieten gutuna gurasoei, baina, gutun gehienak bezala, ez zen destinora iritsi, bidean frankistek konfiskatzen baitzituzten.
Leningradoko lehen gutunean galdetu zieten gurasoei ea Frantziatik idatzitakoa iritsi zitzaien ala ez; ez zuten erantzunik jasotzen, ordea, gutunak ez zirelako iristen eta, ondorioz, senideek ez zituztelako irakurtzen. Frankistek bahitutako gutun horiek Salamancako artxiboan daude, garai hartako informazioarekin batera. Alkortaren senideak, berriz, Intxorta 1937 elkartearekin daude harremanetan, eta adierazi dute haien «lan miresgarriari» esker eskuratu dituztela dokumentuak eta argazkiak.
Biztanle zibilen aurkako frankisten bonbardaketetatik ihesi Sobietar Batasunera ia 3.000 ume joan ziren, gehienak, 5 eta 15 urte artekoak. Eta horiei laguntzeko joan ziren, baita ere, irakasleak, hezitzaileak eta Alderdi Komunistako militanteak eta buruzagiak.
Lehen urteak oso ondo igaro zituzten sobietar erregimenak eurentzat sortutako Haurren Etxeetan, baina 1941eko ekainaren 22an eure bizitzak aldarazi zituen alemaniarren inbasioak. Ordura arte, Anbrosio Institutu Politeknikoan aritu zen ikasten eta, aldi berean, Elektrosila fabrikan zebilen lanean, non fabrikako futbol taldeko jokalari ere bazen.
Bigarren Mundu Gerra, ate joka
Haurrak babesteko beste hirietako Haurren Etxeetan zeudenak tokiz aldatzea lortu zuten, baina Leningrado setiaturik egon zen hiru urtez eta ezin izan zuten handik ihes egin. Alemaniarren inbasioaren aurrean gazte haietako asko Armada Gorrian izena ematen saiatu ziren, baina ez zieten uzten, adingabeak zirelako, errusiarrak ez zirelako eta ihesi joandako gerrako umeak babestu nahi zituztelako. Gazteek, hala ere, ez zuten amore eman eta arduradunak konbentzitzea lortu zuten adinean gezurra esanez, eta babestu zituen herria nazismotik defendatu nahi zutela eta beraien herria suntsitu zuten naziez mendekatu nahi zutela adieraziz. Armadan boluntario bezala onartu zituzten 1941eko uztailaren 5ean; Anbrosiok 17 urte zituen orduan.
Aste pare bateko heziketa militarra jaso ondoren, 1941eko uztailaren bukaeran Finlandiarekin muga egiten duen Karelia ingurura bidali zuten Anbrosio, Vyborg erregimentuan, Milizia Herritarraren Frunze 3. dibisioan, beste 73 gazte erbesteraturekin batera. Eremu hartan naziekin aliatutako finlandiarrekin borrokatzea tokatu zitzaien eta 1941eko irailean hil zuten Anbrosio. Urrirako finlandiarren eta alemaniarren artean Armada Gorria inguratu zuten eta gutxik lortu zuten ihes egitea; hil ez zituztenak atxilotu eta Finlandiako kontzentrazio eremuetara eraman zituzten.
Alemaniarrak eremu horietara joan ziren soldadu errusiar guztiak hiltzera, baina soldaduen artean «adingabe espainiar asko zeudela eta», Espainiako enbaxadaren aginduz, 1943an, alemaniarrek Espainiara eraman zituzten kontzentrazio eremuetako gazte haiek. Lehen aipatutako 74 horietatik 18 bakarrik geratzen ziren eta, Espainian, informazioa ateratzeko erabili ondoren, baztertuta utzi zituzten.
75 urteko ahanztura
2016an, Kareliako Syandeba herriko monasterio batean bizi ziren moja ortodoxo batzuk gorpu bat topatu zuten eta aurkitutako soldaduaren lepokoari esker konturatu ziren Espainiatik joandako gerrako ume bat zela. Aurkikuntzaren haritik bila jarraitu eta komentuaren inguruan gerrako 23 ume identifikatu zituzten, tartean Anbrosio eta beste hamar euskaldun, Eibar, Donostia, Bilbo eta Portugaletekoak.
Mojek monumentu bat egin zuten 23 boluntario gazte haien omenez eta 2018ko ekainaren 24an, haien heriotzatik 77 urte pasa zirenean, monumentuaren inaugurazio ekitaldia egin zen Syandeba herriko oroitzapen gunean. Gazteen izenak errusieraz eta gazteleraz idatzi zituzten bi hilarri beltzetan: «En Memoria de los jovenes voluntarios españoles que murieron en el frente de Carelia entre 1941 y 1944 —1941 eta 1944 artean Kareliako frontean hil ziren gazte boluntario espainiarren omenez—».
Euskal Herrira, Errusiatik
Syandeba herritik, baso batean isolatuta dagoen komentu batetik, klausuran bizi diren moja haietako bi Euskal Herrira etorri ziren, trenez, 2019an. Sabin Etxean harrera egin eta Gogora Fundazioarekin ere bildu ziren. Alkortaren sendiak adierazi du beraiekin ez zirela harremanetan jarri arduradun politikoak edo fundazioko kideak: «Mojekin prentsarako argazki politak ateratzeaz gain, ez ziren Errusian lurperaturik dauden heroi euskaldun hauen senideekin kontaktuan jartzeko gai izan, mojei esker izen-abizenekin bertan zein dauden jakin arren. Guk orain dela gutxi jakin dugu guzti hau gure kabuz eta, ziur gaude, askok ez dutela jakingo senideak han lurperatuta dituztenik ere. Eta 11 euskaldun daude 23 hilobiratuen artean!».
Alkortaren sendia: «Ziur gaude askok ez dutela jakingo senideak han lurperatuta dituztenik ere»
Alkortaren senideak harremanetan jarri ziren Syandebako komentuko buruarekin, Varvara abadesarekin, Anbrosio eta haren burkideengatik egindako lan guztia eskertzeko asmoz eta hark erantzun zien datorren maiatzean, gazteen omenezko monumentuan, omenaldi berri bat egiteko asmoa dutela eta bertara Espainiako ordezkaritza bat joatekoa dela, tartean, baita 1938an hara joandako umeetako batzuk ere. Monumentuaren ondoan Gernikako haritz gazte bat landatuko dute; eta San Petersburgon Anbrosio eta bere kideak bizi izan ziren Haurren Etxea, eskola zein ingurunea ezagutu eta han ere Gernikako beste haritz bat landatuko dute.
Alkortaren sendia: «Posible denean, aurrerago, beste bidaia bat prestatzekotan geratu gara»
Talde horrekin batera bertara joatera gonbidatu du Alkorta sendia Varvara abadesak, baina ez dute denborarik izan bisak eta antzeko baimenak kudeatzeko: «Hori dela eta, posible denean aurrerago beste bidaia bat prestatzekotan geratu gara».