Altzotik Italiara, Tolosatik mugitu gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko api. 12a, 07:58

Topic txotxongiloen museoan kalitate handiko bi erakusketa bisitatu daitezke: Altzoko Handia operako piezena, maiatzaren 18ra arte, eta Girovago e Rondella konpainia italiarraren bilduma, irailaren 21a bitarte.

Ukaezina da Tolosak kulturalki duen aberastasuna, eta hori nabarmena izaten da asteak joan eta etorri. Topic txotxongiloen museoa da emari horren errudun handietako bat. Urteko oporraldiak gerturatu ahala, gainera, herrira datozen bisitarien kopuruak gora egiten du, eta museoko ordezkariak jakitun dira horiek erakartzeko orduan dituzten baliabideez.

Une honetan, bi erakusketa bisitatu daitezke Topic-en: batetik, Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena omentzeko, euskal artistak Altzoko Handia operarako egindako lanen bilduma; bestetik, Girovago e Rondella konpainia italiarraren lau hamarkadatako bizitzaren isla den erakusketa.

Aste Santua gerturatu ahala, aukera bikaina izan daiteke, lehen esan bezala, bisitarientzat; baina ez horientzat bakarrik, baita eskualdeko herritarrentzat ere. Biak, baina, ez dituzte Aste Santurako nahita prestatu. Lehenago inauguratu zituzten, eta oporraldia igarota ere, ikusgai egongo dira zenbait astez; Basterretxearena, maiatzaren 18ra arte egongo da zabalik; konpainia italiarrarena, berriz, irailaren 21a bitarte bisitatu daiteke.

Artistaren alderdi ezezaguna

Museora sartu eta lehen solairura igota, Anbigu aretoan, berehala egin daiteke topo Basterretxearen sorkuntza-prozesuarekin. Iaz bete zen mendea artista bermeotarra jaio zela, eta omenaldi modura, hamaika ekintza egin dira Euskal Herriko museoetan. Bada, Topic-ek ere bere alea jarri nahi izan du. «Txotxongiloen diseinatzaile gisa bere alderdi ezezagunenari eskainitako erakusketa berezia jarri dugu ikusgai. Haurrentzako Altzoko Handia operan egindako lanari arreta berezia eskainiz, lan horretako piezak ikusi daitezke», esan du Iñigo Aginagalde Topic-eko museologia arduradunak.

Opera hori Tolosako museoak ekoitzi zuen Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren ospakizunean, kultur eragile ugarirekin elkarlanean. Operaren gidoia Koldo Izagirrek idatzi zuen; musika, berriz, David Azurza tolosarrak konposatu zuen. Topic obra ekoizten ari zela, txotxongiloak eta agertokiak egingo zituen norbait behar zutela jabetu ziren. Horregatik jarri ziren harremanetan Nestor Basterrenetxearekin.

Txotxongiloak, baina, ez zituen Basterretxeak egin. «Basterretxea bera hil baino lehenagoko bere azken ideia edo marrazkietan oinarritzen dira», azaldu du Aginagaldek. Jon Ander Basterretxea ­­—Nestorren semea­­— eta Idoia Seijo artisauek eraiki zituzten, Hondarribiko Taller Menina lantegian. «Nestorrek bozetoak egin zituen, eta beraz, opera haren ekoizpenak eskatzen zuen lanaren eta txotxongilo sortzaileen arteko zubi-lana egin zuen», gaineratu du museologia arduradunak.

Laborategi bat, erakusketan

Eskulturan, pinturan eta zineman egindako ekarpenengatik ezaguna den Basterretxeak euskal nortasunarekin zuen konpromisoari eutsi zion txotxongiloen munduan ere. «Altzoko erraldoia txotxongiloen bidez irudikatzeak agerian uzten du pertsonaia historikoei bizia emateko zuen trebetasuna, mugimenduaren, formaren eta antzerki-adierazpenaren bidez. Beharrezko mugimendu guztia transmititu ahal izateko, hagaxkako txotxongiloak, eskularruzkoak edota itzalak diseinatu zituen. Txotxongiloek, giza itxura izan arren, hiru dimentsioko maskarak daramatzate», nabarmendu du museologia arduradunak.

Gainera, txotxongiloez gain, erakusketan laborategi itxurako espazio bat dago, operako piezak sortzeko prozesua azaltzen duena. Besteak beste, Jon Ander semeak harribitxi izendatutako koaderno bateko zenbait orriren fotokopiak ikusi daitezke, pertsonaien jatorrizko diseinua ezagutzeko. Aginagalderen hitzetan, erakusgai jarritako bildumari «bigarren bizitza bat» ematea da asmoa, «opera ez baita berriro antzeztuko».

Hortaz, erakusketak aukera paregabea eskaintzen du XX. mendeko artista garrantzitsu honek Migel Joakin Eleizegiren (1818-1861) historia eta mitoa txotxongiloaren artearen bidez nola berrinterpretatu zituen ezagutzeko. «Erakusketa, oro har, koloretsua da», azpimarratu du museologia arduradunak. Eta gehitu du Basterretxearena Topic-en dauzkaten bildumen artean «ederrenetako bat» dela. «Omenaldia egitearekin batera, artista handi honen lanekin osatutako bilduma erakutsi nahi genuen, balioan jartzeko. Izan ere, ez dago lan hauek erakutsiko lituzkeen beste museorik», adierazi du.

Urrundik, baina familia giroan

Helburu berarekin, eta solairu bat gorago, bigarren pisuan duten aldizkako erakusketa aretoan, beste bilduma bat dute ikusgai Topic-eko arduradunek: Artisten familia bat. Sormena eta askatasuna erakusketa. Bisitariek aukera dute Girovago e Rondella konpainiaren iruditerian sartzeko, dekoratuen eta beraien errepertorioko ikuskizunen bidez. Basterretxearen kasuan bezala, italiar jatorriko konpainiari omenaldia egin nahi izan dio Topic-ek, urteurren berezia ospatuko baitu datorren urtean, 40.a hain justu.

Arreta handiz landutako piezak dira, eta lehen aldiz jarri dituzte ikusgai jendaurrean, egiten duten artisau lana agerian utziz. «Objektu bakoitza historiaren zati bat da, familiaren arteari bizia eman dien bidaia eta funtzio ugariren lekukotza materiala. Pieza hauen bidez, antzezpenetik haratago doan antzerkia erakusten du bildumak», azaldu du Aginagaldek. «Pieza guztiak ere, kalitate handikoak dira, bisitarientzat interesgarriak eta gogoetarako bide ematen dutenak, etxera esku hutsik itzuli ez daitezen», gaineratu du.

Erakusketa honetan, besteak beste, nabarmentzekoa da urteetan zehar sortutako automaten eta kultura animatuen bilduma. Marco Grignani eta Federica Lacomba dira horren errudunak. «Garai bateko herri-antzoki ibiltarietan oinarritutako bizimodua aukeratu ondoren, hazi, heldu eta sagaratu egin ziren, dela itsasontziz Greziako eta Turkiako uharteetan barrena bidaiatuz, dela gurdi ibiltarietan, antzerkia bere kabuz egin ahal izateko», esan du museologia arduradunak.

Eszenak sortzeko ahalmena

Aretora sartu eta berehala, konpainiak praktikatu ohi duen antzerkirako modu berezienetako batekin egin daiteke topo: antzerki-autobusa. «Gurpildun eszenatoki bat da, antzerkia edozein txokotara eramateko aukera ematen duena. Publikoa ikuskizunean erabat murgiltzen du, esperientzia intimoak sortuz», nabarmendu du Aginagaldek. Konpainiak honela azaltzen du: «Artea agertoki tradizionalak ez dauden lekuetara eramateko modu bat da, espazio bakoitza ametsen unibertso batera egokitu, bidaiatu eta eraldatzen duen antzerkia».

Konpainiaren ezaugarri nabarmenetako bat eszenak sortzeko ahalmena da. «Antzerkiaren alderdi plastikoan egiten duten sormen lana ikaragarria da. Eta hori, irudika ezin daitezkeen tamaina guztietako txotxongilo ugarietan ikus dezakegu», esan du museologia arduradunak. Esaterako, nabarmentzeko pieza batzuk tamaina handiko tresna eszenikoak dira: dragoi-suge handiak, zirkuan eta kalejiretan erabiltzen diren kartoizko zaldiak, clown entzutetsuen eta, aldi berean herrikoien, aldagela aberatsak, edota haritik, eskularrutik edo asmatutako beste teknika batzuetatik eratorritako txotxongiloak, besteak beste. Erakusketa, halaber, konpainiaren sorrerako urteetara garamatzaten irudiz, kartelez eta argazki ugariz beteta dago.

Esku biziak

Hori eta gehiago ere ikusi daiteke Topic-eko bigarren solairu horretan. Hain justu, Lacombak eta Grignanik antzerki-autobusean egiten duten Manoviva ikuskizunaz gozatzeko aukera dago, etxeko giroan, eserleku eta guzti, pantaila batean etengabe proiektatzen baita. Hain justu, Manoviva, konpainia italiarrak martxan duen proiektu berezienetakoa da. «Hatz-txotxongiloekin aritzen dira lanean, eskuetako pertsonaiei bizia emanez», azaldu du Aginagaldek.

Museologia arduradunaren ustez, «inoiz aurkeztu dugun erakusketa kutunenetakoa eta politenetakoa» da. «Giro berezi batean barneratzeko aukera ematen du. Konpainiak bere ibilbidean zehar sortutako lanez gain, konpainiaren bizitza propioa ere ezagutu daiteke.

Topic urteetan zehar egiten ari den lanari esker, ehundutako sarearen parte dira italiarrak. «Nazioarteko konpainien lana bertan erakustea oso garrantzitsua da guretzat. Kasu honetan, gainera, Europa mailan sona handiko taldea da», nabarmendu du Aginagaldek. Konpainia honek duela zenbait urte Titirijai jaialdian parte hartu zuen, eta geroztik, harreman estua du Tolosako txotxongilo museoarekin.

Txotxongiloak eraikitzeko ikastaroak

Bi erakusketa horietarako bisitak, baina, ez dira datozen egunetarako Topic-en burutu daitezkeen ekintza bakarrak. Apirilaren 14an, 15ean eta 16an txotxongiloak eraikitzeko ikastaroak antolatu dituzte, sei urtetik gorako haurrentzat. Ikastaro hauek sorkuntza eta dramaturgia aztertzeko aukera eskainiko dute, txotxongiloen hainbat alderdi jorratuz. «Haurrak ez ezik, gazteak, helduak eta, oro har, familiak gonbidatuko nituzke. Eguneko plan oso ona izan daiteke ikastaroan parte hartu, eta egun berean erakusketak ikustea». Ikastaro horietan parte hartzeko, 943 650 414 telefono zenbakira deitu, cit@cittolosa.com helbide elektronikora mezua bidali edo Topic.eus webgunea bisitatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!