Inoizko produktu gehien banatuko du Errigorak

Ataria 2025ko api. 7a, 10:02

Errigorako sarekideak Mendigorrian Hazialdeko elkarteko ekoizleak ezagutzeko egindako irteeran.

Martxoaren 10etik 26ra arte iraun duen Eskutik Eskura kanpainak inoizko harrerarik onena izan du.

Errigora kanpainako arduradunek esan dute, Euskal Herriko txoko guztietara banatuko dituztela kanpainan zehar eskatutako produktuak Aste Saindu ondotik hasi eta maiatz bukaera bitartean. Azpimarratzekoa da zazpi lurraldeetan egin duela gora eskariak, osotara 145.500 litro olio eta 30.700 lote baino gehiago eskatu dituzte ia 10.700 eskaeretan. Iazko kanpainarekin alderatuz orotara 974 eskaerako igoera eman da, eta produktuei dagokienez, 17.530 litro oliba-olio birgina estra eta 4.655 lote gehiago banatuko ditugu aurtengoan. 

Emaitza horien berri izaten lehenak Errigorako sarekideak izan ziren, aurreko larunbatean Mendigorrian Hazialdeko elkarteko ekoizleak ezagutzeko egindako irteeran. «Bertan, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubiak sortzen jarraitzeaz gain, azken asteetan burututako auzolana eta horrek emandako emaitzak ospatzeko tartea hartu genuen», esan dute.

2025eko Eskutik Eskura kanpainak emandakoak jauzi berri bat suposatu du Errigorarentzat, «kontsumitzaile arduratsu gehiagok proiektura batzeko asmoa erakutsi dutelako». Errigoraren komunitatea urtetik urtera gehiago zabaltzen ari dela esan dute. «Kanpaina honek eman dituen emaitzei esker aurrera begira ere bitartekari espekulatzailerik gabeko eredua indartzen jarraituko dugu Errigoran, eta kontsumitzaile zein ekoizleen beharrak erdigunean paratuko dituen eredu bat eratu. Bide horretan, kontsumitzaileok ekoizpenean eragiteko gaitasun gehiago biltzen jarraituko dugu, eta era berean Nafarroa erdi eta hegoaldeko ekoizpena indartu eta babestuko dugu».

Errigorako arduradunek esan dute beste modu batera kontsumitzeko aukera ez dela kanpaina honetara mugatzen eta urte osoko lanketa egiten dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!