Eskualdeko saltoki handietan hizkuntza-eskubideen aldeko kanpaina abiarazi du Galtzaundi euskara taldeak. «Euskaldunok euskaraz erosteko eskubidea dugu, nahiz eta batzuetan eskubide horiek ez zaizkigun bermatzen. Legeak hala aitortuta, eskubidea dugu etiketetako informazioa euskaraz jasotzeko, zalantzak ditugunean euskaraz artatzeko, kutxako langileekin euskaraz hitz egiteko, eta megafoniatik diotena euskaraz entzuteko, besteak beste».
Galtzaundik gogoratu du euskaldunok hizkuntza-eskubideak ditugula, gainerako hizkuntzetako hiztunek bezala, eta saltoki handietan legeak euskaldunoi aitortzen dizkigun hizkuntza-eskubideak zerrendatu ditu:
- Errotuluak, plakak, oharrak eta ageriko idatziak euskaraz izatea.
- Saltokiaren iragarkiak eta eskaintzak.
- Megafoniatik egiten diren jakinarazpenak eta eskaintzak.
- Inprimaki eta eredu ofizialak, paperean zein digitalean.
Hizkuntza-eskubideen urraketak atzemanez gero Behatokian kexa jartzeko eskatu du, izan ere, kexarik sartzen ez bada, lekukotasunik ez dagoela esan du, eta beraz, «euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuta daudela esaten da». «Zenbait eskubide legez bermatuta dauzkagu, baina beste asko oraindik ez. Kexen bidez gizarteak presioa egitea da legeak aldatzeko daukagun modua. Lege-babesa handitu eta enpresa handi hauen ohituretan aldaketak eragin nahi ditugu, euskaraz bizi nahi dugun komunitateari aitortza eginez».