Buruz Buruko Txapelketatik kanpo geratu da Jaka

Leyre Carrasco 2025eko apirilaren 6a

Pilotari lizartzarrak ezin izan du Pello Etxeberria garaitu (13-22) arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu duten Buruz Buruko final-zortzirenetako kanporaketan.

Triste eta haserre agertu da Erik Jaka gaurko partidaren ostean. Hain justu, Pello Etxeberria izan du aurkari arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu duten Buruz Buruko final-zortzirenetako kanporaketan. «Irabazi egin dit eta ni baino gehiago izan da [Pello]. Sakea izan dudanean ez dut ondo egiten jakin eta ez naiz gai izan bi tanto segidan egiteko. Berak, aldiz, sakea izan duenean hala egin du. Berak asmatu egin du eta nik ez», adierazi du lizartzarrak.

Hasiera gogorra izan du Jakak, bost tantora hurbiltzea lortu duen arte. «Partidan sartu naiz eta tanto ilara bat egitea lortu dut, baina akaso berandu izan da. Egia da Buruz Buruko partidetan ez dela burua jaitsi behar, eta nik ez dut jaitsi, banekien partida hartzeko gai izango nintzela baina hasieran aurre hartu dit eta berandu izan da gero», gaineratu du. Hala, 13-22ko emaitzarekin eraman du garaipena Etxeberriak eta Buruz Buruko Txapelketatik kanpo geratu da Jaka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!