Behin liga amaituta, Koparen txanda izango da, eta apirilaren 11n abiatuko da Gipuzkoako Herri Txikietako Kopa. Bi mailatan izango da: batetik, A Maila, non ligako lau onenak arituko diren; eta, bestetik, B Maila, non ligan azkena sailkatu dena talde berrien aurka arituko den.
Bidania-Goiatzek aise irabazi du liga, jokatutako partida guztietatik bat berdindu eta beste guztiak irabazita, eta bera izango da A Kopa irabazteko ere faborito nagusia. Bi mailetan launa talde arituko dira eta itzuli bakarreko ligaxka jokatuko dute. Finala, berriz, sailkapeneko bi onenek jokatuko dute.
Taldeen banaketa
A taldean izango dira Bidania-Goiatz, Itziar, Leaburu- Txaramako Uzturre eta Ikaztegietako Kutturru; eta B taldean, berriz, Itsasondoko Ijitok, Ikaztegieta, Errezil eta Arroa Behea arituko dira.
Apirilaren 11ean abiatuko da lehiaketa eta lehen jardunaldian aurrez aurre izango dira, batetik, A taldeko Itziar eta Bidania Goiatz; eta Leaburu-Txaramako Uzturre eta Ikaztegietako Kutturru. Eta, bestetik, B taldeko Ikaztegieta eta Errezil; eta Itsasondoko Ijitok eta Arroa Behea.
Txapelketako nobedadea
Aurten lehen aldiz emakumezkoak ere arituko dira. Momentuz Aizarnazabal eta Arroa Behea taldeek eman dute izena, eta parte hartzeko aukera zabalik egongo da apirilaren 12ra arte.
Maiatzean zehar jokatuko dituzte partidak eta finala, gizonekin batera, ekainaren 7an izango da. Hori izango da areto futbolean Gipuzkoan jokatuko den emakumezkoen lehiaketa ofizial bakarra, Futbol Federazioak ezin izan baitu nesken lehaketarik antolatu taldeak falta zirelako. Areto Futbol Elkarteak lortu du, ordea, eta hori antolatzaileentzat «oso garrantzitsua» da, hori baitzen aurtengorako «erronka nagusietako bat».