Tolosaldea IKT Gipuzkoako kopako txapeldun

Ataria 2025eko apirilaren 2a

Gipuzkoako igeriketa kopan emakumezkoen taldea garailea izan da, eta taldeka ere Tolosaldea izan da onena.

Pasa den asteburuan Gipuzkoako igeriketa kopa jokatu dute Tolosako Usabal kiroldegian eta Tolosaldea IKT-k garaipena lortu du sailkapen bateratuan eta emakumezkoetan. Gizonezkoetan bigarren postua lortu dute.

Gipuzkoako 14 talde aritu dira lehian asteburuan zehar eta aipatu behar da taldekako txapelketa dela, hau da, igeriketako proba guztiak egiten dira eta horietako bakoitzean talde bakoitzeko bi igerilarik parte hartzen dute. Proban lortutako postuaren arabera taldeari puntuak ematen zaizkio eta amaieran taldekako sailkapena egiten da, lortutako puntu guztien araberakoa.

Emakumezkoetan Tolosaldea IKT izan da garaile, bigarren Irungo Bidasoa XXI taldea eta hirugarren Donostiako C.D. Fortuna. Gizonezkoetan lehenengo Bidasoa, bigarren Tolosaldea eta hirugarren Fortuna. Eta sailkapen bateratuan Tolosaldea garaile, Bidasoa bigarren eta Fortuna hirugarren.

Txapelketan zehar «proba bikainak» egin dituzte Tolosaldeako igerilariak, teknikoki oso maila handikoak eta denbora oso onak ere izan dira. Gainera, azpimarratu talde nagusiko igerilari guztiek parte hartu dutela, hau da, garrantzia eman zaio taldeko gazteenek ere igeri egiteari.

Tolosaldea IKT-k eskerrak eman dizkie asteburuan lagundu duten guztiei, «beraien laguntzarik gabe txapelketa egitea ezinezkoa izango bailitzateke».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!