Ostiralean hasiko da 2025eko Buruz Buruko Txapelketa

Ataria 2025eko martxoaren 31

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo Buruz Buruko Txapelketa. AITOR KARASATORRE / FOKU

Eskualdeko lau pilotarik parte hartuko dute. Altuna III.a egungo txapelduna eta Artola final-laurdenetako ligaxkan daude, eta asteburuan final-zortzirenetako kanporaketak jokatuko dituzte Peña II.ak eta Jakak.

Buruz Buruko Txapelketa irabazten saiatuko diren pilotarien zerrenda eman dute ezagutzera gaur goizean egindako aurkezpenean. Baiko Pilotako sei ordezkari eta Aspeko beste sei ahaleginduko dira Bilboko Bizkaia frontoian egingo den ekainaren 1eko finalean txapela janzten. Basque Culinary Centerren egin da aurkezpena, eta baita txapelketaren aurkezpen argazkia ere.

Asteburu honetan bertan jokatuko dituzte final-zortzirenetako kanporaketak. Ostiralean Ezkurdiak eta Larrazabalek estreinatuko dute lehiaketa Azkoitian; larunbatean Elordi-Senarrek Bilbon, eta Dario-Peña II.ak Iruñean jokatuko dute; eta igandean, Tolosan, Jaka eta P. Etxeberria izango dira aurrez aurre. Final-laurdenetan zain izango dituzte iaz finalerdiak jokatu zituzten lau pilotariak: Laso, Altuna III.a, Artola eta Zabala.

Esku Pilota Enpresen Ligak eta CaixaBankek akordio bat lortu dute euren arteko harremana beste bi urtez luzatzeko, eta, besteak beste, CaixaBank izango da berriz ere Buruz Buruko Txapelketaren babesle nagusia. Buruz Buruko Txapelketako jaialdietarako sarrerak Entradasfronton.com atarian eskuratu daitezke jadanik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!