UEMAren Salto! udalekuetan izena emateko azken egunak

Ataria 2025eko martxoaren 26a

Iaz bezala, bi txanda izango dira, eta aurten ere, ibiltaria izango da: Baliarraindik Idiazabalerako bidea egingo dute 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoek. Astelehenean amaituko da izena emateko epea.

Udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk. Iaz bezala, bi txanda izango dira: ekainaren 22tik 30era, eta uztailaren 2tik 10era. Astelehenean amaituko da izena emateko epea, eta horretarako, UEMAk prestatu duen galdetegia bete behar da. Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat.

Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Baliarraindik Idiazabalerako bidea egingo dute gazteek, Tolosaldean hasi eta Goierrin barrena. Zaldibian eta Ataunen ere egingo dituzte bina gau. Herri batetik bestera oinez mugituko dira. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua.

Azken urteotan, euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du mankomunitateak, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. «Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin», azaldu du mankomunitateak.

2025ko Salto! udalekuak iragartzeko bideoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!