2024ko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpainari ekingo diote Hego Euskal Herriko foru ogasunek apirilarekin batera. Horiekin bat eginez, UEMAk, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.
Araban eta Nafarroan apirilaren 8an hasiko da errenta aitortzeko epea. Gipuzkoan apirilaren 8an eta Bizkaian apirilaren 10ean, autolikidazio proposamenak eta internet bidezkoak egun batzuk lehenago egin daitezkeen arren tokian tokiko ogasunen egutegiaren arabera. Guztietan, ekainaren amaiera aldera arte egin ahal izango dira aitorpenak.
UEMAk, ohi bezala, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute aurten ere UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.
Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera.
Gipuzkoaren kasuan, Zerain (%72), Orexa (%67), Ataun eta Baliarrain (%62), Amezketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan.
Tolosaldeari begiratuta, ikus daiteke, oro har, herri txikietan errenta euskaraz egiten dutenen kopurua handiagoa dela. Hala, 1.000 biztanletik beherako herrietan, iaz errenta euskaraz egin zutenen ehunekoa %40tik gorakoa da. Belauntza (%38), Ikaztegieta (%36), Larraul (%39) eta Leaburu-Txarama (%37) dira salbuespenak. Kontrara, biztanle kopuru handiena duten herrietan daude errenta euskaraz egin dutenen ehuneko baxuenak, Tolosa izanik guztietan txikiena, %29rekin.