Zuberoako maskaradak ikustera joateko aukera, Galtzaundirekin

Ataria 2025ko mar. 24a, 12:29

Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak, lehen aldiz, autobusa antolatu du Tolosaldetik, martxoaren 30ean, igandean, Altzain (Zuberoa) egingo den maskaradarako; asteazkenean amaituko da izena emateko epea.

Zuberoako maskaradak Zuberoako neguko inauteria dira. Bertsoak, dantzak eta kantuak leku berezia dute ikuskizunean, eta narrazioa beti pertsonaia zehatz batzuekin antzezten da. Goizetik hasita, ia egun osoz luzatzen den ikuskizuna da. Garai batean, 80 dantzari inguruk parte hartzen bazuten ere, gaur egun hogei batek osatzen dituzte maskaradak, eta lehen ez bezala, emakumeek ere parte hartzen dute. Joan den urtarrilaren 12an eman zuten negu honetako lehen maskarada altzaiar eta lakartar gazteek. Guztira, hamar herri bisitatu dituzte Zuberoan gaindi, eta martxoaren 30ean emango dute azkena Altzain.

Altzaiko azken geltokira joateko gonbita luzatuko du Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak. Lehen aldiz, maskaradara joateko autobusa antolatu du Tolosaldetik. Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Anoeta, Irura, eta Villabona herrietan geratuko da autobusa. Goizeko 8:00etan abiatuko da autobusa Ikaztegietatik, aipatutako herrietan geldialdia eginez. Itzulera, berriz, arratsaldeko 18:30ean izango da Altzaitik. Galtzaundik jakinarazi du bazkaria norberak kudeatu beharko duela. Izena emateko azken eguna martxoaren 26a, asteazkena, izango da. Autobusean joan nahi izanez gero, 17 euro ordaindu beharko dira (Galtzaundikide eta atarikideek, 15 euro).

Izena emateko lekuak

  • Alegia: Kultur Etxea.
  • Anoeta: Kuku Lore liburudenda.
  • Ikaztegieta: Ostatua.
  • Irura: Ikastola.
  • Tolosa: Galtzaundi.
  • Villabona: Eizmendi kirol denda.
  • Zizurkil: Ernio bidea 9ko udal bulegoa.

Autobus geltokiak herriz herri

  • Ikaztegieta: 8:00, Kiroldegiko geltokia.
  • Alegia: 8:05, Paper fabrikako geltokia.
  • Tolosa: 8:10, Santa Klarako geltokia.
  • Anoeta: 8:15, Apaetxe baserri pareko geltokia.
  • Irura: 8:20, Etxezarretako geltokia.
  • Villabona: 8:25, Kiroldegiko geltokia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!