Ostiralean eta larunbatean, X. Lanbide Heziketa Azoka

Ataria 2025ko mar. 19a, 17:00

Azokaren antolatzaileak, aurtengo edizioko kartelarekin. A. ARROYO ASKARAI

Tolosako Trianguloa plazan egingo dute azoka; eskualdeko lau ikastetxek postuak jarri eta lanbide heziketaren arloan zein eskaintza duten azalduko dute.

Ostiralean eta larunbatean, hilaren 21ean eta 22an, egingo dute Tolosaldeko Lanbide Heziketa Azoka, Tolosako Trianguloa plazan. Hamarkada beteko du aurten ekimenak, eta antolatzaileek adierazi dute hitzordua «erreferente» bihurtu dela.

Urtero bezala, bertan izango dira Tolosaldeko Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua (TLHII), Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Fraisoro Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua eta Peñascal Kooperatiba. Jon Bustok, TLHII-ko komunikazio arduradunak, azaldu du ikastetxe bakoitzak bere eskaintzaren berri emateko aukera izango duela azokan. 

Lehenengo, ikasleak
Ostiralean, 9:00etatik 14:00etara, eskualdeko hainbat herri eta ikastetxetatik bertaratuko dira ikasleak lanbide heziketaren arloan Tolosaldean zein eskaintza dituzten ezagutzera. Hori horrela, txandaka izango dira Trianguloan Alegiako Aralar, Amasa-Villabonako Erniobea eta Zubimusu, Anoetako ikastola, Ibarrako Uzturpe eta Tolosako Herrikide, Laskorain eta Orixe ikastetxeak.

Eskualdetik kanpo, berriz, Andoaingo Leitzaran, Beasaingo BHI eta Leitzako Amazabal ikastetxeetako ikasleak ere gerturatuko dira. Antolatzaileen hitzetan, «Tolosaldeko lanbide heziketako ikasketen ezaugarri orokorrak azalduko zaizkie ikasleei, aipamen berezia eginez euskarari eta genero ikuspegiari».

Hamarkada, harrotasunez
Bustok nabarmendu du hamargarren edizioa duela ekimenak, eta ibilbidea «harrotasunez» bizi dutela. Hari berari tiraka, Ana Mongek, Inmakulada ikastetxeko zuzendariak, zehaztu du aurten oinarrizko lanbide heziketan jarri dutela fokua: «Aurten, lehen aldiz etorriko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleak. Sare bat osatzen ari gara, eta iruditzen zaigu orientatzaileek ere izan behar dutela gure eskaintzaren berri».

Ekimenaren helburuak
Bustoren hitzetan, hiru helburu nagusi ditu ekimenak: batetik, lanbide heziketako ikastetxeen arteko elkarlana sustatzea; bestetik, eskaintza ikasleengana eta familiengana gerturatzea; eta, azkenik, larunbatean, ezagutza herrira zabaltzea.

Komunikazio arduradunak hari berari tiraka gaineratu du  eskaintza «aurkezteko plaza» izango dela azoka: «Lanbide heziketa nolabait alboratu egiten da batzuetan. Bada, gure hezkuntza eskaintza zehatzaren berri emateko plaza izango da azoka». Uste berekoa da Monge ere, eta gaineratu du «oso egun polita» izaten dela: «Gure heziketaren eskaintza herrira gerturatzeko aukera ederra da. Jendea izena emateko asmorik gabe ere gerturatzen da gu ezagutzera».

Larunbatean, saio irekia
Larunbatean, martxoaren 22an, interesa izan lezakeen edonori bideratutako azoka irekia egingo dute, hain zuzen, 09:00etatik 13:00etara. Bisitariek aipatutako lau ikastetxeetako postuak ezagutzeko aukera izango dute; eta, horrez gain, azokan zehar gidari gisa ibiliko dira antolatzaileak eta azalpen gehiago nahi dituenak bisita gidatua jasotzeko aukera izango du. «Ezaugarri orokorrak, hezkuntza eskaintza eta lan irteerak azalduko dira». 

Aste bukaerako Lanbide Heziketa Azoka «jarduera soil» batetik harago doala ere aipatu dute antolatzaileek: «Urtez urteko lanaren emaitzarekin, eragin eta lankidetza gune bihurtu da». Zentzu berean gehitu dute: «Enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzen duten beste eragile batzuk ere gurekin ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!