Larunbatean abiatuko da Aiztondo bailaran III. Antzerkialdia. Gora teloia izenburupean, besteak beste, arte eszenikoei «ikusgaitasuna» eman eta bailarako gaztetxoei taula gainera igotzeko aukera emateko helburuarekin antolatzen dutela esan du Kristina Rodriguez Adunako alkateak.
Gaineratu duenez, tamaina txikiko herrien arteko lankidetzak ahalbidetzen du kultura programazio oparo bat antolatzea, eta hilabetez antzerki jaialdi bat osatu ahal izatea, «adin guztietako herritarrentzat eta modalitate ezberdinetako eskaintzarekin». Elkarlanaren ideian egin du azpimarra, aurten ekimenera batu den Alkizako alkate den Inaki Irazabalbeitiak: «Gure bailararen ezaugarri garrantzitsua da elkarlanerako dugun ohitura, eta lankidetza horrek ematen digu aukera modu honetako ekitaldiak antolatzeko».
Iazko ekainean zendu zen Kolodobika Jauregi zenak askotan defendatu zuen ideia ekarri du Irazabalbeitiak III. Antzerkialdiaren aurkezpenera: «Esaten zuen herri txikiek badugula kulturaz gozatzeko eskubidea eta aukera hori bermatu behar zitzaigula bertako bizilagunei, bertatik bertara». Alkizako alkateak antzerki jaialdia jo du aldarrikapen horren adibide praktikotzat.
Alkizan bertan abiatuko da jaialdia larunbatean, eta herriz herri emanaldiak izango dira. Rodriguez eta Irazabalbeitiarekin batera Adunako Zabala sagardotegian egin den aurkezpenean izan dira Pili Kortajarena Larraulgo zinegotzia, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea eta Pili Legarra Asteasukoa. Anfitroi lanak egin dituen Adunako alkateak antzerkialdiaren alde txotx egitera gonbidatu ditu gainerako udal ordezkari eta teknikariak.
Aiztondoko III. Antzerkialdia
ADUNA
- Martxoak 28, ostirala
- 19:30. Herriko plazan Barre Txoootx! Maria Blanco, Ander Malbadi eta Mirari Martiarenaren bakarrizketekin.
- Ondoren. Afari-merienda. Jatekoa eta edalontziak norberaren kontu eta mahaia eta barrikotea udalak jarriko ditu.
- Apirilak 2, asteazkena
- 14:45. Elordiko lokalean LHko ikasleentzat Munduari itzulia 80 egunetan lana Sustrai Teatro taldearen eskutik.
- 14:45. Liburutegian HHko ikasleentzat Odei Arregiren Ipuin lotsatiak emanaldia.
ALKIZA
- Martxoak 22, larunbata
- 19:00. Elizan Txalo Talo konpainiaren eskutik, Kutsidazu bidea, Ixabel antzerki lana.
ASTEASU
- Martxoak 24, astelehena
- 15:00. Pantzart Teatroa taldeak Kolorez Kolore lana eskainiko du Pello Errota eskolan, eskolako haurrentzat soilik.
- Martxoak 27, osteguna
- 19:00. Pez Limbo taldearen Oxido lana ikusteko aukera izango da udaletxean.
- Martxoak 28, ostirala
- 15:00. Pello Errota eskolan eta bertako haurrentzat soilik, Teatro Firulete taldeak Basoa lana eskainiko du.
LARRAUL
- Apirilak 3, osteguna
- 17:15. Liburutegian herriko haurrentzat Saioa Aizpuruaren Haizeak daramana eta dakarrena.
- Apirilak 4, ostirala
- 19:00. Ester Povedak Betetako promesak lana eskainiko du balio anitzeko gelan helduentzat.
- Apirilak 6, igandea
- 12:00. Aimara teatro taldearen emanaldia: Altuna jaunaren asesinatzailea. Helduentzako emanaldia.
ZIZURKIL
- Apirilak 7, astelehena
- 11:00. Atxulondo kultur etxean HH3-5 mailetako umeentzat Zirkun-Zirko taldearen Maitatzen.
- Apirilak 8, asteartea
- 11:00. Atxulondo kultur etxean, LH1-2-3 mailetako umeentzat Espazioa lana eskainiko du Eneko Etxebarrietak.
- Apirilak 9, asteazkena
- 11:00. Atxulondo kultur etxean, LH4-5-6 mailatako gaztetxoentzat Burua txoriz beteta emanaldia eskainiko du Tdiferencia taldeak.
- Apirilak 10, osteguna
- 11:00. Zizurkilgo umeen emanaldia Atxulondo kultur etxean. Uliazpiko egoiliarrek ere parte hartuko dute saioan.
- Apirilak 12, larunbata
- 19:30. Laura Penagosen Putaren bakarrizketa eroetxean emanaldia ikusi ahal izango da Atxulondo kultur etxean. Sarrerak hiru euro balioko ditu.