ERREPORTAJEA

Isilarazi nahi izandako doinuen erritmora

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 22a, 07:58

Haatik taldearen 'OTS' ikuskizuna. IKER GOZATEGI

Haatik dantza konpainiak OTS ikuskizuna egingo du martxoaren 28an Tolosan, Leidorren. Eskualdeko sei dantzari ariko dira oholtza gainean, Herri Gogoa zigilu diskografikoa gogora ekarriko duen emanaldian.

Donostia. 1970eko hamarkada. Euskal kulturaren berpizkundean dena aldatzen lagunduko duen diskoetxe bat sortu dute Iñaki Beobidek eta Axen Egañak: Herri Gogoa. Euskal kantu berriaren eta Ez Dok Amairu mugimenduaren adierazgarri nagusienetako bat izango da, eta herritarren babes finantzarioari esker, proiektuak aurrera egingo du, abangoardiako mugimendu kultural baten ikur bihurtuz. 200 disko inguru argitaratuko ditu, euskal kultura biziberritzeko helburuarekin.

Hura bai herri gogoa. Diskoetxe honen historia, baina, frankismoari eta zentsurari lotuta egon zen. Beobidek hartu zuen izena –Alemaniako erromantikoek erabili zuten Volkgeist terminoaren itzulpena–, eta erregistratzeko orduan, La necesidad de un pueblo itzuli zuen, baina erregimenak ez zuen utzi. Honela, Kataluniako EDIGSAren izenean argitaratu zen katalogoaren gehiengoa. Aurrerago, OTS marka erregistratu zuten, Egañaren izenean.

Bada, orain, marka erregistratu horren izen bereko ikuskizuna osatu du Haatik euskal dantza konpainia garaikideak, eta hilaren 28an Tolosan aurkeztuko dute; Leidor aretoan izango da, 20:00etan. Balio sentimental handiko lana dela aurreratu du konpainiak. Izan ere, konpainiako zuzendarietako bat den Aiert Beobide dantzari donostiarraren gurasoak izan ziren Herri Gogoaren sortzaile.

Beobidez gain, beste zazpi dantzari igoko dira Leidorreko oholtzara. Horietatik sei eskualdekoak dira: Jon Arsuaga billabonatarra, Itzel Vela tolosarra, Amaiur Luluaga anoetarra, eta Leire Romero, Nagore Zabala eta Iñigo Etxeberria ibartarrak. Libe Sukia zaldibiarrak osatzen du zortzikotea.

100 disko, eta megafonoak

Diskoetxe batean oinarritutako ikuskizuna izanik, musikak garrantzi handia du ikuskizunean. Herri Gogoaren diskoak oinarri hartuta osatu dute soinu banda. Hain zuzen, Manu Gaigne Beobide donostiarra arduratu da aitona-amonek sortutako funtsa berreskuratzen. 100 disko inguru entzun ditu. Arazo bat izan du, ordea: Herri Gogoa ez zenez inoiz ofizialki existitu, ez daude ondo klasifikatuta, eta izen ezberdin asko dituzte, bilaketa zailduz.

Ikuskizunerako hainbat pieza sortu ditu Gaignek Herri Gogoaren katalogo zabaleko ipuinekin, binilo hotsekin eta kantu ezagun eta ez hain ezagunekin osatuta. Ahanzturan erori diren taldeen diskoak sartu nahi izan dituzte: Lourdes Iriondo, Estitxu, Akelarre... Hala, galdutako lanekin osatu dute ikuskizuna, soinu bidaia bat proposatuz, euskal kultura modernitatean sartu zeneko martxarekin. «Herri Gogoak sortutako material guztiari beste dimentsio artistiko bat ematea da helburua, material horren gainean dantza egitea, alegia», esan du Romerok. Etxeberriak gaineratu du «ezohiko modu batean» txertatu dutela: «Lehenik koreografia sortu zuten, eta ondoren gehitu zioten musika».

Katalogo zabal horretako materiala ez ezik, ikuskizunean bertan, megafonoak erabiliko dituzte dantzariek. «Eskuan horietako bat hartuta hasten dugu ikuskizuna», aurreratu du Zabalak. «Megafonoen erabilera ere ezinbestekoa bilakatu da. Musika ez da beti leku beretik entzungo, eta orduan, gailu horiek jolasteko aukera ematen diote Manuri», azaldu du.

Desberdina, baina erosoa

Koreografia sortzeko, Jone San Martin dantzari eta sortzaile donostiarraren laguntza izan dute. «Gu ohituta gauden oinarrietatik desberdina da. Bat-batekotasunak nahikoa pisu du; inprobisatzea eskatzen duten zati asko ditu. Dantzatzeko modu tradizionaletik gatoz, eta beti egon gara ohituta pauso batzuk ikasi eta horiek musika jakin batekin dantzatzera. Hortaz, hau berezia da, desberdina», azaldu du Zabalak. Hiru dantzariek aitortu dute ikuskizunean «etengabe» aritzen direla inprobisatzen, eta beraz, emanaldi batetik bestera aldaketak egon daitezkela.

Koreografia ez ezik, lana egiteko modua ere «berria, ezohikoa, baina aldi berean, oso polita» izan da, Romerorentzat behintzat: «Orain arte, ohituta geunden ideia bat hartu, eta helburu jakin batekin, dantzaren bitartez kontakizun bat sortzera; narrazioak gidatu izan du gerora gure koreografia. Kasu honetan, alderantzizko bidea egin dugu. Jonek gure gorputzetatik ateratako mugimenduak gidatuz egin du lana, eta gerora, kontzeptu bat sortzen joan gara. Material ugari geneukan, eta horrek eraman gaitu toki batera edo bestera; berak gidatu gaitu».

San Martinek euskal dantza izan du inspirazio iturri, eta antolatzeko eta espazioan idazteko modu berriak sortu ditu. Gainera, euskal dantzen mekanismoak, interprete bakoitzaren eta taldearen sentimendu intimo eta pertsonalagoak adierazteko tresna gisa erabili ditu. Prozesu horretan, dantzari bakoitzak «desberdin» lan egin duela aitortu du Etxeberriak: «Jonek nabarmendu duena da gu euskal dantzatik gatozela eta hori dela ondoen egiten dakiguna. Gure hankak nola mugitzen ziren ikustea zoragarria zen berarentzat, eta guk hori egitea nahi zuen. Hortaz, alde horretatik erosoa izan da prozesua».

 

Iñigo Etxeberria: «Bakoitzari bere bidea eta bere espazioa eman digu Jonek [San Martin], norberak bere erara dantzatzeko»

 

Etxeberriak nabarmendu du San Martinek dantzari bakoitzarengan «ezaugarri bat, mugimendu bat, dantzatzeko modu jakin bat ikusi» duela. «Bakoitzari bere bidea eta bere espazioa eman digu, norberak bere erara dantzatzeko». Hori dela eta, prozesu osoan zehar «eroso» sentitu dira ibartarrak. «Pertsonalki ez nuen ezagutzen, ezta dantzari gisa ere, eta niretzako deskubrimendu handia izan da. Beti izan ditu hitz politak guretzat, eta beti jakin izan du entseguak bideratzen, errespetu eta maitasun handiz, eta oso eskertuta gaude», gaineratu du Romerok.

Publikoa kantuan

Orain arte, besteak beste, Donostiako Gazteszenan –estreinaldia– eta Bilboko Euskalduna Jauregian –Loraldia jaialdian– egin dute ikuskizuna. Dantzari ibartarrak «oso gustura» daude, oro har, saioa izaten ari den harrerarekin. Urnietan egindako aurrestreinaldian ere «sentsazio onak» izan zituzten. «Egia da izen handiko oholtzak direla, baina ez diogu horri begiratzen», gaineratu du Etxeberriak. Gaur, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo dute ikuskizuna.

Leidorreko saioari begira, «ilusio berezia» dutela aitortu dute. Jakitun dira betetzea kostatzen den antzoki horietako bat dela, eta publikoa oro har nahiko kritikoa izaten dela, baina «prest» daude. «Uste dut zabaldu behar den mezua dela proposamen oso desberdin batekin gatozela. Ez dauka zerikusirik orain arte egin dugunarekin», azaldu du Romerok.

 

Leire Romero: «Proposamen oso desberdin batekin gatoz; ez dauka zerikusirik orain arte egin dugunarekin»

 

Ikusleei ikuskizun berri bat eskaintzeaz gain, hauek hunkitzera heldu daitezke dantzariak, OTS ez delako «dantza garaikideko lan soil bat, euskal kulturaren memoria kolektiboaren bidaia emozionala» baizik. Publikoa hunkitzeko ateak «zabalik» daudela aurreratu du Zabalak, eta bertaratzen direnek ikuskizunean parte hartu ahal izango dutela: «Abesti ezagunak entzungo dira; beraz, publikoak kantuan aritzeko aukera izango du».

Nagore Zabala: «Abesti ezagunak entzungo dira; beraz, publikoak kantuan aritzeko aukera izango du»

 

Tolosako saioaz gain, udaberri honetan eta, aurrerago, udazkenean, herri gehiagotan egingo dute ikuskizuna, Zarautzen, Hondarribian, Hernanin, Gernikan, Amasa-Villabonan eta Pasaian, besteak beste. Haatik.com webgunearen Agenda atalean kontsulta daitezke ikuskizun horien eta gainerakoen datak eta orduak.

Ibarran, harrobi ona

Konpainia berean gertukoak diren zenbait dantzari egotea «aberasgarria» dela uste dute ibartarrek. «Gainera, giro oso ona dugu gure artean», esan du Zabalak. «Urteak daramatzagu elkarrekin dantzan, eta horrek asko laguntzen du. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, onerako eta txarrerako», nabarmendu du Etxeberriak.

Ibartarrak, gainera, lehendik Alurr taldean aritzen ziren. Beraiekin batera, gaur egun Kukai dantza taldean dabilen Izaro Urrestarazu eta Bilaka kolektiboan dabiltzan Aimar Odriozola eta Maialen Mariezkurrena elduaindarra aritu ziren Ibarrako dantza taldean. «Badirudi harrobi ona daukagula herrian», esan dute.

Alurrek Ibarran presentzia handia duela nabarmendu dute, festa giroa dela, edo bestelako kultur ekitaldiak direla, eta haur eta gazte asko erakartzen dituela. «Txikitatik dantzarako ohitura handia izan dugu ibartarrok», adierazi du Romerok. Etxeberriak esan du «batek baino gehiagok» duela horren errua: «Eli Nosellas nabarmendu behar da. Lan handia egin du, eta bere seme-alabak bagina bezala edo hobeto zaindu gaitu».

Baina, Haatik ez da Alurr. Exigentzia handia eskatzen duen konpainia dela onartu dute ibartarrek. «Beharrezkoa da. Edozein tokitan bezala, behin eta berriz saiatu behar izaten dugu, nahi dugun emaitza lortzeko», esan du Etxeberriak. «Exigentzia baino gehiago, auto-exigentzia izaten da askotan. Egiten duguna ahalik eta ondoen egitea gustatzen zaigu, publikoari zerbait gustagarria eskaini ahal izateko», gaineratu du Romerok. Norberak bere onena emateaz gain, behin eta berriz ikuskizun berriak sortzen aritu beharra ere konplexua izan ohi da, baina Zabalak argi dauka: «Ohituta gaude, eta proiektu berri batean murgildu behar badugu, murgilduko gara».

FITXA ARTISTIKOA

 

Zuzendaritza eta ekoizpena. Aiert Beobide eta Iurre Aranburu.

Koreografia. Jone San Martin eta Haatik.

Espazio sonoroa. Manu Gaigne.

Dantzariak. Aiert Beobide, Amaiur Luluaga, Iñigo Etxeberria, Itzel Vela, Jon Arsuaga, Leire Romero, Libe Sukia eta Nagore Zabala.

Eszenografia. Ikerne Gimenez.

Jantzitegia. Ramon Garcia.

Argiztapen diseinua. Arantza Heredia.

Irudia eta komunikazioa. Iurre Aranburu.

Argiztapen teknikaria. Anartz Beobide.

Zerbitzu teknikoak. Eragin Stac.

 

AGENDA

  • Martxoak 21. Andoain.
  • Martxoak 28. Tolosa.
  • Apirilak 5. Urkabustaiz.
  • Apirilak 12. Zigoitia.
  • Apirilak 25. Zarautz.
  • Apirilak 26. Astigarraga.
  • Apirilak 27. Hondarribia.
  • Maiatzak 8. Hernani.
  • Maiatzak 9. Zumaia.
  • Maiatzak 10. Gernika.
  • Maiatzak 11. Galdakao.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!