Loatzoko musikariak Vilafranca del Penedes herrira joango dira asteburuan

Ataria 2025eko martxoaren 18a

Vilafranca del Penedes herriko ikasleak eskualdean, 2019. urtean.

Loatzo musika eskolak pandemia baino lehen Kataluniako Vilafranca del Penedes herriko musika eskolarekin zuen harremana berreskuratu du. Asteburuan Loatzoko 50 pertsona joango dira Kataluniara.

2013an hasi zen Loatzo musika eskola Kataluniako Vilafranca del Penedes herriko Musika Eskolarekin elkarlanean, tartean elkartrukeak eginez, baina pandemiarekin batera egitasmoa bertan behera utzi behar izan zuten. Ikasturte honetan, ordea, egitasmoa berriz ere martxan jarri dute eta martxoaren 20tik 23ra Loatzoko hainbat ikasle eta irakasle Kataluniara joango dira. «50 pertsona guztira, ikasleen motibazioa bilatu eta ilusioa asetzeko asmoz», zehaztu dute eskolatik. 

Elkarlanean abesti ugari prestatu dituztela esan dute eta hemengo zein hango abestiak joko dituztela. «Trikitia, banda, gitarra, eskusoinu eta pianoko ikasleek hartuko dute parte ekimenean, denak buru-belarri ari direlarik lanean». 

Zehazki, Vilafranca del Penedes herrian, asteburuan zehar, kalejirak, emanaldi bat, irrati saio bat eta bertako bi ikastetxeetan musika eta dantza emanaldiak eskainiko dituzte. Elkartrukeak azaroan izango du jarraipena, orduan etorriko baitira eskualdera Kataluniako ikasleak eta irakasleak. «Honelako ekimenak, gure ikasleen formazioan duten garrantziaz gain, herriak ere kultura eta hezkuntzaz aberasten direnaren ziurtasuna dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!