Aingeru Senperena finalera, eta Iraitz Huegun txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 15a, 19:59

Gipuzkoako Pilota Egokituko XV. Txapelketako partidak jokatu dira gaur Asteasun. Aingeru Senperena pilotari goiaztarrak  gomazko paletarekin aulki gurpildunean binakako finala jokatuko du, maiatzaren 10ean, Oiartzunen. Buruz buruko txapelketako finalean, Iraitz Huegunek 15-13 irabazi dio Eneko Sagarmendiri.

Gipuzkoako Pilota Egokituko XV. Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu da gaur Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Mugitzeko desgaitasuna zutenek, gomazko paletarekin aurki gurpildunean jokatu dute, binaka; adimen urritasuna zutenek, berriz, buruz buru jokatu dute. Adimen urritasunekoen kasuan, egurrezko palekin eta teniseko pelotekin jokatzen dute. Gurpildun aulkikoena modalitate inklusiboa da, eta beraz, edonork parte hartu dezake, desgaitasuna izan edo ez. Batzuek karbonozko palekin jokatzen dute, pilotak frontenisekoen antzekoak dira, eta bi bote egin ditzake palarekin eman aurretik.

Gomazko paletarekin aulki gurpildunean aritu da Aingeru Senperena goiaztarra, Mikel Merinorekin bikotea osatuz. Bi partida jokatu dituzte, eta biak irabazi. 13an utzi dituzte Manuel Quesada eta Beñat Lizaso, eta 8an Joseba Lasa eta Asier Navaridas. «Lehena gogorra izan da; bigarrena, berriz, errazago irabazi dugu», adierazi du goiaztarrak.

Gaurko garaipenei esker, binakako txapelketako finalera sailkatzea lortu dute. Leire Troitiño-German Elkoro bikotea izango dituzte aurkari, maiatzaren 10ean, Oiartzunen. Troitiñok eta Elkorok ere gaur jokatu dituzten bi partidak irabazi dituzte; 10ean utzi dituzte Joseba Lasa eta Asier Navaridas, eta 8an Manuel Quesada eta Beñat Lizaso. «Gaur hotz handia egin du eta kosta egiten zen aulkia mugitzea. Azkenerako, berotu gara», aitortu du Troitiñok. Txapela jantzita jokatu du pilotari zarauztarrak. «Oso pozik» zegoen gaurko partidak irabazi eta finalerako sailkapena lortu ondoren. Gainera, jendea animatu du modalitatea probatzera: «Oso polita da. Gogoa dagoen lekuan, ez dago aitzakiarik».

Final gogorra

Gaurko azken partida, buruz buruko finala izan da. Iraitz Huegun Mindara elkarteko pilotariak 15-13 irabazi dio Eneko Sagarmendi taldekideari. «Beti bezala, partida gogorra izan da. 5-6 urte daramatzagu elkarrekin buruz buru jokatzen, eta Eneko beti da aurkari gogorra. Lehen fasean, Zarautzen jokatu genuen elkarren aurka, eta hura ere partida oso gogorra izan zen. Iaz, Hernanin 14-15 bukatu genuen. Beti esango dut nire aurkari gogorrena dela», azaldu du txapeldunak.

Huegunek nabarmendu du harreman oso ona dutela, baina desberdina dela kantxa barruan edo kanpoan: «Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Kantxa barruan aurkari izan gara, baina kantxatik kanpo lagun izaten jarraituko dugu, beti bezala; lantokian ere harreman oso ona dugu».

Gaurko emaitzak:

  • Josu Arratibel 15-13 Jon Alzuguren
  • Joseba Lasa eta Asier Navaridas 10-15 Leire Troitiño-German Elkoro
  • Haritz Lertxundi 15-14 Hodei Asteasu
  • Manuel Quesada-Beñat Lizaso 13-15 Aingeru Senperena-Mikel Merino
  • Jon Alzuguren 15-4 Hodei Asteasu
  • Joseba Lasa-Asier Navaridas 8-15 Aingeru Senperena-Mikel Merino
  • Josu Arratibel 15-3 Haritz Lertxundi
  • Manuel Quesada-Beñat Lizaso 8-15 Leire Troitiño-German Elkoro
  • Iraitz Huegun 15-13 Eneko Sagarmendi
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!