Minigarbiguneak jarriko dituzte sei herritan

Ataria 2025eko martxoaren 13a

Adunako minigarbigunea.

Tolosaldeko Mankomunitateak Adunan, Amezketan, Altzon, Berrobin, Ikaztegietan eta Lizartzan jarriko ditu hondakin espezifikoak botatzeko guneak.

Tolosaldeko Mankomunitateak sei minigarbigune jarriko ditu eskualdeko sei herritan, zehazki, Adunan, Amezketan (Zubeldianeko eremuan), Altzon (herriko aparkalekuan), Berrobin (ikastetxe ondoan), Ikaztegietan (udaletxe ondoan) eta Lizartzan (herriko plazan). Minigarbigune horietan hondakin espezifikoak bota ahal izango direla azaldu dute mankomunitatetik, eta horrela, bertako herritarrek ez dute Tolosako eta Andoaingo garbiguneetara jo beharrik izango.

Tolosaldeko Mankomunitateak bultzaturiko ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuaren laguntza jaso du. «Zerbitzu berri honekin, udalerri horietako herritarren irisgarritasuna hobetzen da 10 hondakin mota botatzeko aukerarekin, eta zabor orokorrean edo bide publikoan bota ez daitezen; gainera, hondakinen gaikako bilketa-tasak hobetzea bilatzen da, ondoren birziklatzea errazteko», azaldu dute mankomunitatetik.

Minigarbigune horietan zer hondakin mota utzi ahal izango diren argiago izateko, informazio-liburuxkak inprimatu dituzte, eta jarriko diren sei udalerrietako etxe guztietara helaraziko dituzte.

Oro har, 10 hondakin mota hauetan taldekatuko dira: Informatika- eta telekomunikazio-aparatuak; aparatu elektriko eta elektroniko txikiak; bonbillak; brotxak eta rodilloak; tinta- eta toner-kartutxoak; kazolak, zartaginak eta mahai-tresnak; fluoreszenteak; pilak; pinturak, barnizak eta disolbatzaileak; eta erradiografiak.

Tolosaldeko Mankomunitatetik pertsona guztiak animatu ditu zerbitzu berria zuzen erabiltzera, «ingurumena babesten eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko». Gogoratu dute erreferentziazko bi garbiguneen zerbitzuak indarrean jarraitzen dutela minigarbiguneetako ahoetan sartu ezin diren hondakin guztiak biltzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!