Abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatu dute UEMAk, Galtzaundik eta Tolosaldeko 23 udalek

Ataria 2025ko mar. 12a, 11:58

Herritar askok dauzkate dokumentu ofizialetan abizenak erdarazko grafiaz, eta horiek euskaraz jartzeko deia egin dute Tolosaldeko udalek eta euskalgintzak, ‘Abizena ere euskaraz’ lelopean. Prozedura administratibo erraza du aldaketak.

Malcorra, Otegui, Eceiza, Garicano, Aramburu, Achucarro, Urretavizcaya, Goicoechea, Echeverria, Bengoechea… Tolosaldean ere herritar ugarik dauzkate euskarazko abizenak erdarazko grafiarekin dokumentu ofizialetan. Bada, herritarrek abizenak era ofizialean euskaraz jartzea sustatzeko helburuarekin, Abizena ere euskaraz kanpaina abiatu dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosaldeko 23 udalek: Aduna, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil.

Deialdia bereziki guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.

Tolosaldean ez ezik, beste zenbait lekutan ere egin dute abizenak euskalduntzeko kanpaina lehenago ere, UEMAren eta tokian tokiko udalen eta euskara elkarteen ekimenez. Kanpaina ez da berria, beraz, baina tarteka errepikatzen du UEMAk, beharraren arabera. Izan ere, tarteka kanpaina egiten den arren eta hainbat herritarrek abizenak euskaratzen dituzten arren, oraindik ere agiri ofizialetan eta gainerakoetan abizenak erdal grafiaz dituzten herritarrak asko dira, eta badira abizena erdal grafiaz idazteko ohitura duten herritarrak ere.

UEMAk argi du horren atzean «urte askoan euskarak jasandako jazarpena» dagoela. «Izan ere, euskara ez ezik, izenarekin batera izana ere ukatu zitzaien euskaldunei, eta abizenak erdal grafiarekin idaztera behartu zuten belaunaldi bat baino gehiago. Horrela heldu da abizen ugari belaunaldi berriengana, eta gaur egun ere euskal abizen asko erdal grafiaz ikusten da agiri ofizialetan». Horregatik, UEMArentzat, «euskarari dagokiona itzultzeko modua» da euskal abizena «behar bezala» idaztea, euskaraz.

UEMAz eta udalez gain, beste zenbait eragilek ere egin dute abizenak euskaratzeko kanpaina azken urteotan. Agerraldiak egindako Abizenak badu izana kanpaina, esaterako, horren erakusle da.

Abizenak euskalduntzeko behar diren agiriak

Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, UEMAk azaldu duenez, «erraza» da horiek aldatzeko prozesua. Erroldatutako udaletxean edo Erregistro Zibilean egin daiteke. Batean zein bestean, hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

  • Nortasun Agiriaren fotokopia.
  • Jaiotza ziurtagiria. Erregistratuta zauden herriko udaletxean edo epaitegian eskatu behar da.
  • Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da, baita online ere.
  • Familia liburua.

Aldaketa egiteko lekuak, herriz herri

  • Aduna: Udaletxean. udala@aduna.eus / 943 69 25 71
  • Alegia: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Alkiza: Asteazkenetan, 12:00-14:00, udaletxean.
  • Altzo: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Amasa-Villabona: Udaletxean, astearte, asteazken eta ostegunetan, 09:00-14:00.
  • Amezketa: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Anoeta: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Asteasu: Udaletxean. Ostiraletan, 10:00-12:30 / 943 69 19 07
  • Baliarrain: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Berastegi: Asteartetan, 9:00-14:00, udaletxeko bake epaitegian.
  • Berrobi: Astelehenetan, 12:00-14:00, udaletxeko bake epaitegian.
  • Bidania-Goiatz: astearteetan eta ostegunetan goizez / asteazkenetan arratsaldez, udaletxean.
  • Elduain: Asteazkenean, 12:00-14:00, udaletxean.
  • Gaztelu: Astelehenetan, 09:00-11:00, udaletxean.
  • Ibarra: Udaletxeko bake epaitegian. Asteazkenetan 9:00-11:30. Ostegunetan 9:00-14:00. Ostiraletan 9:00-14:00.
  • Ikaztegieta: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Irura: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Leaburu-Txarama: udaletxean, udal bulegoko ordutegian
  • Lizartza: Lizartzako udalean, astelehen, asteazken eta ostiraletan
  • Orendain: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
  • Orexa: udaletxean, udal bulegoko ordutegian
  • Tolosa: Erregistro zibilean.
  • Zizurkil: Amasa-Villabonako udaletxean, astearte, asteazken eta ostiraletan, 10:00-13:00.

Abizenak euskalduntzerakoan sortu ohi diren ohiko galderen erantzunak:

  • Abizena nahi dudan moduan idatzi dezaket?
    • Epailearen irizpidea da. Normalean Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da. Euskaltzaindiaren liburuan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan (Muxika, Mujika…) forma desberdinak onartu izan dira. Hala ere, abizen-aldaketa gisa izapidetu daiteke aldaketa eta, kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen du aldaketa onartuz edo ezetsiz.
  • Gurasoena aldatuta seme-alabena zuzenean aldatzen al da?
    • 18 urtez azpikoetan bai. 18 urtez gorakoetan, Erregistrora joan eta adierazi egin behar dute beraiek ere aldatu nahi dutela baina ez dute tramitazio guztia egin behar.
  • Anai-arreba guztiek aldatu behar dute nahita ez?
    • 18 urtez azpikoek bai. 18 urtez gorakoetan bakoitzak erabakitzen du.
  • Behin aldatuta, zer pauso jarraitu behar dira? Non islatzen da aldaketa?
    • Epaitegiak, ofizioz, honako tokietara bidaltzen du: Udalera, Hauteskunde Zentsura, Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira… Hala ere, gero NANa berritzeko txanda hartu eta gero Hitzez hitzeko jaiotza agiria eskatu behar da dagokion erregistro edo epaitegian. Eskaera egiterakoan NANa berritzeko dela esan behar da, epaitegiak horretarako bakarrik balio duen agiria eman ahal izateko.
  • Eskatzaileak lehengo grafiarekin dauzkan agiri guztiak berriz egin behar dira? Adibidez, unibertsitateko tituluak.
    • Jaiotza-, ezkontza- eta seme-alaben jaiotza-agirietan aldaketa epaitegietan bertan bideratzen da, ofizioz, jaraunsletza edo herentzietan arazorik ez izateko. Gainontzeko kasuetan bakoitzak ikusi behar du. Berez, gomendagarria da ahal den toki eta agiri gehienetan aldaketa egitea.
  • Gazteleraz diren abizenak aldatu daitezke euskal grafiara?
    • Epailearen baitan geratzen da. Lehen esandako moduan, printzipioz, euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren “Deitura-izendegia” jarraitzen da. Bertan honakoa adierazten da: “Euskal deituratzat, edozein hizkuntz jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitu dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren.” Zalantza kasuan, onena Euskaltzaindiari galdetzea da. Edozein kasutan, lehen esandakoa, epailearen baitan geratzen da erabakia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!