ELKARRIZKETA

«Komedia dinamikoa eta freskoa da»

Aitor Arroyo Askarai 2025ko mar. 17a, 07:57

Iraitz Lizarraga aktorea. A.A.A.
Amak ikuskizuna martxoaren 21ean egingo dute Tolosako Leidor antzokian, 20:00etan; amatasuna du hizpide eta lau emakume dira antzezleak. Iraitz Lizarraga zizurkildarra tartean da.
 
 

Martxoaren 21ean jasoko du Tolosako Leidor antzokiak Amak antzezlana. Txalo ekoiztetxeak ondu du, eta lau emakume aterako dira oholtza gainera, amatasunaz ikuspuntu eta esperientzia ezberdinetatik eztabaidatzera. Lau horietako bat da Iraitz Lizarraga (Zizurkil, 1979) antzezlea eta ikuskizunari buruzko zenbait xehetasun aurreratu ditu.

Zer topatuko du egun horretan Leidorrera joaten denak?

Amak komedia bat da, eta gizartean pil-pilean dabilen gai bat jorratzen du: amatasuna. Horren inguruan hausnartzen du, baina komediatik; ez da batere moralizantea. Bertaratzen denak oholtza gainean lau emakume topatuko ditu, eta bakoitzak ikuspegi bat izango du amatasunaren inguruan. Komedia dinamikoa eta freskoa da. 

Orain arte esan digutenagatik, ikuslea erraz sentitzen da identifikatuta. Etortzen denak barre egiten du, eta hausnartu ere bai, baina barretik.

Amatasuna da abiapuntu, eta rol ezberdinak aurkezten dituzue.

Lau emakume dira, zeinak ikastetxe bateko bilera batean giltzapetuta geratzen diren; horrela elkartzen dira. Eta bakoitzak amatasunari buruzko ikuspegi bat, eta bizitzeko modu bat ditu. Amatasunari buruzko anekdota eta gatazkatxo asko kontatzen dira. Ikusle batzuk gertuago sentituko dute pertsonaia bat, eta beste batzuk, beste bat. Eta egia da pertsonaiak muturrera eramanda daudela; azkenean, horrek eragiten du ezberdintzea eta komedia zoro bat izatea.

Zein da zure pertsonaiaren rola?

Esan dezakedan gauza bakarra da ni kontrapuntua naizela. Ez dut informazio asko aurreratu nahi [barrez]. Amatasunaren inguruko ikuspegiak badaude, eta nik aurkezten dut ez amatasunaren gaia. Ez dut aurreratuko nola [barre txikiarekin], baina hori ere aukera bezala aipatzea. Zentzu horretan, nire pertsonaiak hitz egiten du, agian, gutxien; atzetik dabil... Baina gero, aldi berean, oso emakume indartsua da eta gauzak oso argi ditu.

«Amatasunaren inguruko ikuspegiak badaude, eta nik aurkezten dut ez amatasunaren gaia»

Zein izan da erronkarik handiena pertsonaia lantzeko garaian?

Aipatu bezala, nire pertsonaiak ez du asko hitz egiten, eta besteek esaten dutena jasotzen egon behar du. Hori erronka handia izan da niretzat. Ohituta nago asko hitz egitera edo, behintzat, aktibitate handia izatera oholtzan. Hitz egiten ez nuen momentuetan ekintza bilatzeko joera izan dut, eta zuzendariak zehazten zidan ez zela beharrezkoa; egote hutsa nahikoa zela.

Bada, horixe izan da gehien kosta zaidana: geldirik egotea edo besteen iritzia jasotzea eta erreakzio txikiekin erantzutea; eta ez hainbeste handitasunetik edo plastikotasunetik. Hori izan da erronkarik handiena. Behin hori menperatuta, pertsonaia oso gozagarria da eta baditu bere ateraldiak. Hotz samarra da, eta rol horretan eroso sentitzen naiz [barrez].

Begoña Bilbaok zuzentzen du obra. Nolakoa izan da elkarlana?

Bada, oso ona. Antzezlan honen gauzarik onena, niretzat, taldea izan da; eta benetan esaten dut. Oso esperientzia polita izan da. Bakoitzak batere egorik gabe hartu dugu parte antzerkian, elkar zaindu dugu... Izan baititugu momentu baxuak ere. Elkar asko zaindu dugu lankideok, eta zuzendariak ere berdin: aholkuak eman dizkigu, baina tarte handia utzi digu gure interpretazioa garatzeko.

Aurretik ere ezagutzen gintuzten, bazekiten nola egiten dugun lan eta bakoitzak pertsonaiari zer emango zion. Jolastea bezala izan da ia. Testua ikasi dugu, entseatu, gauzak probatu... Eta oso giro ona izan dugu. Horixe nabarmenduko nuke.

Birari begira ere, sekulako lasaitasuna ematen du lantaldean inolako arazorik ez izateak. Furgonetan sartu eta ea, kontu kontari joatea; horrek asko balio du. Eta hortik harago, eszenan bertan ere segurtasun handia ematen dizute. Ez da bakarrik pertsona bezala, lankide bezala ere esaten duzu: noizbait huts egiten badut edo testua galtzen badut badakit hor daudela eta aterako garela. Beti alde, eta inoiz ez kontra. Ideala ematen du, baina horrela izan da.

Aipatu duzu pertsonaiak muturrera eramanda daudela. Hori erronka bat izan da antzezlana orekatzeko orduan?

Nire pertsonaia da, agian, besteak orekatzen dituena. Baina egia da momentu batzuetan, antzezlana muntatzen ari ginenean asko disparatzen zela obra. Oso eroa zela hasieratik bertatik. Hori eszenaz eszena landu genuenean. Baina gero, osotasunean obrak badu halako oreka bat. Eta hori deskubritu genuen entseguetan azken eszenaraino iritsi ginenean eta obra osotasunean errepasatzen hasi ginenean. Pertsonaia bakoitzak bere lekua topatzen zuela jabetu ginen, eta erritmo frenetiko samarra dauka momentu batzuetan, baina bueno, beste une batzuetan ere pausatuagoa da.

Jatorrizko testua bost antzezlerentzat dago idatzita, eta laura moldatu du Bilbaok. Nabaritu al duzue hori?

Aldea dago, ez dituelako bi pertsonaia bateratu: bat sakrifikatu du, eta haren ezaugarriak lauoi banatu dizkigu. Diluitu bezala egin du. Orduan, momentu batzuetan —inkoherentziak agian ez— baina esaldi batzuekin egonezin moduko bat sortzen zitzaigun. Dena dela, egokitu genituen eta ondo geratu da.

Egilea ikustera etorri zen. Hark ez daki euskaraz, baina Donostiara etorri zen eta harrituta geratu zen, zentzu onean. Bost roleko bertsioa defendatzen jarraitzen zuen berak, baina aitortu zigun oso ondo moldatuta nabaritu zuela lau roletara.

Nola garatu da antzezlana denbora honetan?

Hasieratik joan da aldatzen eta, kasu honetan, kristoren abiaduran. Esan dizudan bezala, sekulako zortea izan dugu, estreinaldia egin eta jarraian emanaldi pila bat izan ditugulako; eta hori guretzat sekulako oparia izan da. Ikusten dugu saioz saio nola ari den hazten; eta asko, gainera. Aldatzen doa, horixe baietz, eta gaztelerazko bertsioa ere egin dugunez, hor ere beste gauza batzuk egiten dizute klik. Eta ekarpen berriak ere egiten dizkio bigarren hizkuntza horrek.

Gazteleraz egitea erronka izan da?

Bai, baina egia da Euskal Herrian oso ohituta gaudela hori egitera. Onerako eta txarrerako, horixe du lurralde «elebidun» batean bizitzeak. Nik egia esan zentzu onean hartzen dut, gure gaitasun bat da, gure bizkortasun bat, eta buruarentzat ere sekulako ariketa da. Beraz... Pena ematen du Euskal Herriko leku batzuetan gazteleraz programatzeak, horrek beti eragiten digu zalantza... Baina horixe da dagokigun errealitatea, oraingoz behintzat, eta moldatu beharra dago.

Orain arte nolako harrera izan du?

Harrituta geratu naiz, uste baino hobea izan baita. Leku batzuetan barrearekin edo txaloekin neurtzen duzu, baina asko neurtu dugu ondorengo komentarioekin ere; eta jendeak oso-oso harrera ona ematen dio. Lasaitasunetik egiten dute barre, eta txaloetan ere nabaritzen da [barrez]. Bueno, eta aretoak ere betetzen ari dira; horrekin harrituta gaude. Leku gehienetan sarrera guztiak saltzen ari gara eta... Pozgarria da, benetan. Orain arte horrela izan da, eta espero dugu horrela jarraitzea.

Zerk bereizten du antzezlana?

Neronek ez dakit zehazten, baina kanpotik esan izan digute lau emakume izatea komedia egiten... Hori eskertzekoa dela. Hutsune moduko bat nabari da hor; egia da gero eta gutxiago dela hutsune. Ez gara berritzaileak ere, baina egia da ez dela hainbeste ikusten. Kanpotik jasotako hausnarketa bat da hori. Eta gero, nabarmenduko nuke, baita ere, publikoaren aldetik nola identifikatzen den jendea. Eta ez ama izan direnak bakarrik; denak izan baikara seme edo alaba.

Obra publiko zehatz bati al dago bideratuta?

Ez dauka publiko zehatz bat. Orokorrean antzerkiarekin pasatzen dena da publikoa emakumezkoa dela, eta heldua. Baina ikuskizun hau ez nuke esango bideratuta dagoenik publiko batentzat eta, ezta ere, emakumeentzat. Gizonezko asko etorri dira eta sekulako barreak egin dituzte. Batik bat helduentzako egin dugu, baina gazteentzat ere programatu ditugu pare bat saio eta, nik uste, funtzionatu dezakeela.

Zer esango zenioke antzezlana ikustera joan edo ez zalantzan dagoenari?

Zalantzarik ez izateko, gustura egongo da-eta. Ez dugula inongo lezio moralik emango, eta animatzeko, ondo pasako duelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!