Cesar Perezek irabazi du omenaldiz beteriko Aiztondo Klasika

Ataria 2025eko martxoaren 9a

Lasterketa hasieran Iñaki Pakea eta Iñaki Gorostidi omendu zituzten. Lasterketa amaieran, Guillermo Olano eta Marisol Manzano.

Txomin Perurena eta Patxi Alkorta oroitzen dituen txirrindulari lasterketaren 20. edizioa jokatu zen atzoko. Adunatik irten ziren txirrindulariak, eta bertan, Pakea eta Gorostidiren alargunek lore sorta bana jaso zuten.

Lasterketa gogorra eta arriskutsua izan zen atzokoa, haizea protagonista izan baitzen. 20 kilometroren faltan boskote batek hartu zuen aurrea, baina jarraian Fabrizio German Crozzolo argentinarra izan zen bakarrik geratu zena. Klasika irabaziko zuela zirudienean, Cesar Perezek atzetik aurrerako lan ikusgarria egin eta Crozzolo harrapatzeaz gain atzean utzi zuen. Finisher taldeko txirrindularia iritsi zen lehen postuan Villabonako helmugara. Zazpi segundora Crozzolo helmugaratu zen eta podiuma Martin Rey Vazquezek osatu zuen.

Sari banaketa ekitaldian Guillermo Olano eta Marisol Manzano senar-emazteak omendu zituzten, txirrindularitzari egindako ekarpenagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!