Adunan hasi eta Villabonan bukatuko da XX. Aiztondo Klasikoa

Ataria 2025eko martxoaren 7a

Iazko probako irabazlea, Mateu Estelrich, helmuga igaro ondoren.

Bihar goizean abiatuko da, 10:30ean, eta helmuga 13:45ak aldera izango dela aurreikusten dute antolatzaileek.

Guztira 25 talde izango dira lehian, gizonezkoen afizionatu mailakoak, eta talde bakoitzean 7 txirrindulari. Beraz, Aiztondo bailarako eta inguruko errepideetan 175 txirrindulari ariko dira nor baino nor. Adunatik ateratzean bost itzuli egingo dituzte bailaratik, tartean Zizurkilgo Herrigunera eta Adunara igoz. Seigarren itzulia luzeagoa izango da, eta Anoetaraino joan ondoren, Alkizara igoko dira, berriro Aiztondo bailarara jaisteko. Beste bi itzuli egin beharko dituzte txirrindulariek helmuga iritsi aurretik, baina oraingoan Zizurkilgo Fraisoro aldetik igo eta Muga Ranch ondotik pasa ondoren, Sarasola sagardotegi aldera joko dute, handik jaitsi eta berriro Zizurkilgo Herrigunea eta Aduna igoz. Villabonako Kale Berrian izango da helmuga. Lasterketa Espainiako Koparako baliagarria da.

Igandetan egin ohi da Aiztondo Klasikoa, baina aurtengoan egun osoa hartu nahi zuten, txirrindulari karrera bera arratsaldez eginez. Azkenean, 15:00etarako amaitzeko agindua jaso zuten antolatzaileek, eta goizetik antolatu behar izan dute proba. Berritasun modura, haurrentzako ginkana bat egingo da,09:00etan hasita, Adunan bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!