Hitzaren festa, hilabete batez

Ataria 2025ko mar. 6a, 13:02

Aurtengo jaialdiaren aurkezpena egin zuten Tolosako udaletxean.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdian 32 kontalarik 50 saio eskainiko dituzte, apirilaren 5era bitarte; Yolanda Arrieta idazle eta kontalariari emango diote Urrezko Kalabaza.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia martxan da. 18. urtea du aurten ekimenak, apirilaren 5era bitarte luzatuko da «hitzaren festa», eta 32 kontalarik 50 saio eskainiko dituzte. Tolosan eta Ordizian izango dira saio gehienak, baina beste 16 herritan ere izango da saioez gozatzeko aukera.

May Gorostiaga jaialdiaren koordinatzaileak gogoratu du Tolosan eta Ordizian hasi zela jaialdia. «Ordutik hazten joan da urtetik urtera, eta gaur egun, Euskal Herriko kontalaritza jaialdirik garrantzitsuena da, eta erreferente bilakatu da». Herriak gehitzen joan diren moduan, kontalarien zerrenda ere handituz joan da, euskal kontalarien ordezkaritza zabalaz gain, nazioarteko kontalariak ere ageri direlarik aurtengo egitarauan, hala nola, Espainia, Galiza, Kolonbia, Herrialde Katalanak, Nikaragua, Azerbaijan, Uruguai eta Argentinakoak, «jaialdiaren nazioartekotasuna sendotuz».  Gorostiagak «ahozko istorioak maite dituenak edo ezagutu nahi dituenak» gonbidatu ditu jaialdiko ekitaldietara gerturatzera. «Hilabete batean ipuin kontalari kuadrilla ederra bilduko dugu herriz herri istorioak zabalduz; jaialdiak badu zer erakutsi eta zer sartu kalabazan».

Intujai antzerki taldeak Tolosako eta Ordiziako udalen laguntza eskertu du, «babes hori gabe ez bailitzateke posible izango jaialdia antolatzea». Goiuri Ezeiza Tolosako kultur zinegotziak hizkuntzen transmisioan ahozkotasunak duen garrantzia azpimarratu du. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, ildo beretik, Ahoz Aho jaialdiak «sustraiekin errotzeko duen ahalmena» nabarmendu du: «Gure ama hizkuntza den euskarak iraganarekin asko lotzen gaitu, eta horren erakusgarri dira jaialdi honetan sortzen diren harreman hauek, mundu zabaletik Euskal Herrira datozkigun hainbat artista ditugu eta uste dut garrantzitsua dela gure ikusmira hori ere zabaltzea, eta guretik dakarkigun historia guztiarekin uztartzea, aurrera jarraitzea eta aberastea».

Urrezko kalabaza

Azken urteetako bideari jarraituz, jaialdiak urrezko kalabaza eskaini ohi dio ahozkotasunaren bide desberdinetan lan nabarmena egin duen pertsona bati. Horrela, antolatzaileek aurtengo Urrezko Kalabaza Yolanda Arrieta (Etxebarria, Bizkaia, 1963) idazle eta kontalariari eskaini nahi izan diote, «ahozkotasuna bere idazlanak bere kontalari grinarekin maisuki uztartzen jakin duelako, istorio ederrak oparituz».

Urrezko Kalabaza eskaintzeko ekitaldia Euskal Kontalarien Topaketan egin ohi da. Apirilaren 5ean Tolosako Intujai Espazioan ospatuko da eta saria eman aurretik, Emakumeak eta ahozko literaturaren transmisioa izenburupean mahai ingurua egingo dute. Yolanda Arrieta bera, Amaia Alvarez Uria eta Mireia Delgado egongo dira mahairen bueltan, Dorleta Kortazar kontalariaren gidaritzapean.

Bestalde, aurtengo jaialdiak Ipuin Narrazio Lehiaketaren 13. edizioa hartuko du. Ordizian egin ohi da lehiaketa bi saiotan. Izena eman duten guztien artean finalerdia egiten da, eta sailkatzen direnak finalera pasatzen dira. Lehiaketa «kontalarien harrobi bikaina» dela esan dute antolatzaileek.

Lehiaketarekin batera, Quico Cadaval kontalari galiziarrarekin kontalaritza ikastaro trinkoa izango da. Cadaval sona handiko kontalaria da eta martxoaren 15 eta 16an, Tolosako Intujai Espazioan, hamar orduko ikastaro trinkoa eskainiko du.

Eskualdeko hitzorduak

  • Martxoak 6. Zizurkil, 19:00 (Plazida Otaño liburutegia). Celeste Abba (Argentina) eta Amaia Egidazu (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Helduentzat.
  • Martxoak 8. Tolosa, 17:00 (Amarozko Auzo-Etxea). Celeste Abba (Argentina) Mireia Delgado (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Haurrentzat.
  • Martxoak 9. Elduain, 18:00 (kultur etxea). Celeste Abba (Argentina) Mireia Delgado (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Haurrentzat.
  • Martxoak 10. Abaltzisketa, 1:30 (Txalburu eskola). Maider Alcelay (Euskal Herria). Euskaraz. Familia guztiarentzat.
  • Martxoak 12. Tolosa, 10:00 (Leidor aretoa). Ahozkotasunaren Gala Nagusia. Euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Martxoak 12. Ibarra, 18:00 (kultur etxea). Nerea Ariznabarreta (Euskal Herria). Euskaraz. Umeentzat.
  • Martxoak 14. Tolosa, 20:30 (Berazubiko auzo elkartea). Quico Cadaval (Galizia). Gaztelaniaz. Helduentzat.
  • Martxoak 16. Bidania-Goiatz, 19:00 (Balio anitzeko zentroa). Quico Cadaval (Galizia) eta Eneko Haritza (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Helduentzat.
  • Martxoak 18. Asteasu, 18:00 (udaletxea). Nicolas Lubo (Kolonbia) eta Amaia Elizagoien (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Familia guztiarentzat.
  • Martxoak 21. Ibarra, 19:00 (kultur etxea). Amaia Elizagoien (Euskal Herria) eta Itziar Telletxea (Euskal Herria). Euskaraz. Helduentzat.
  • Martxoak 25. Amezketa, 18:00 (kultur etxea). Larraitz Urruzola (Euskal Herria/Galizia). Euskaraz. Umeentzat.
  • Martxoak 26. Tolosa, 18:00 (Berazubiko auzo elkartea). Larraitz Urruzola (Euskal Herria/Galizia). Euskaraz. Umeentzat.
  • Martxoak 29. Irura, 12:00 (kulturunea). Eva Andujar (Herrialde Katalanak) eta Dorleta Kortazar (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Helduentzat.
  • Martxoak 29. Tolosa, 19:00 (Amarozko Auzo-Etxea). Eva Andujar (Herrialde Katalanak) eta Dorleta Kortazar (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Helduentzat.
  • Martxoak 30. Tolosa, 17:00 (Intujai espazioa). Ane Arrugaeta (Euskal Herria) eta Ainara Iñiguez (Euskal Herria). Euskaraz. Familia guztiarentzat.
  • Apirilak 1. Tolosa, 17:30 (Amarozko Auzo-Etxea). Nicolas Lubo (Kolonbia) eta Amaia Elizagoien (Euskal Herria). Gaztelaniaz eta euskaraz. Umeentzat.
  • Apirilak 5. Tolosa, 09:30 (Intujai espazioa). Emakumeak eta ahozko literaturaren transmisioa mahai ingurua: Dorleta Kortazarrek gidatuta, Yolanda Arrieta, Amaia Alvarez eta Mireia Delgadorekin. 12:00 (Intujai espazioa). Urrezko Kalabaza saria. 12:30 (Intujai espazioa) Eva Andujar (Herrialde Katalanak). Gaztelaniaz. Helduentzat. 17:00 (Bidegoxo jatetxea). Cardelina (Gaztela eta Leon) musika emanaldia. Gaztelaniaz. Familia guztiarentzat.

(Egitarau osoa hemen)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!