M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2025

Feminismoekin posizionatzeko ausardia aldarrikatuko dute

Ataria 2025ko mar. 5a, 10:59

Tolosaldeko Mugimendu Feministak esan du «zapalkuntza mekanismo berriak» agertu direla, eta feminismoa ezkerreko borroken erdigunera eramateko deia egin du.

Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean egingo dituzte aurtengo Martxoaren 8ko emakumeen eguneko aldarrikapenak. Izan ere, Tolosaldeko Mugimendu Feministaren arabera, eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada nabari da hainbat esparru eta sektoretan: «sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan... Ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat».

Mugimendu Feministak dioenez, ordea, ez da eskuineko kontua soilik: «Ezkerreko sektore batzuetan ikusten ditugu feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakada». Horrek guztiak «emakume*, trans eta bolleroen zapalkuntza» eragiten duela diote, «batez ere, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistaren sostengurako ezinbesteko harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen dituztelarik».

Horregatik guztiagatik, feminismoekin posizionatzeko ausardia aldarrikatzen du Mugimendu Feministak, «norbere erosotasunetik ateratzeko aldarri gisa eta erresistentzia eta ofentsibarako lubaki gisa». Feminismoa ezkerreko borroken erdigunera eraman behar dela dio, «feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Feminismoa baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua».

ALDAKETA GUTXI

Iazko Martxoaren 8an Gure bizitzekin negoziorik ez! leloa aukeratu zuten. Ordutik, testuingurua ez dela askorik aldatu azaldu du Mugimendu Feministak. «Desberdinkeriek bere horretan diraute. Zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu dira, botere erlazio forma konplexuak agertu zaizkigu eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu. Hainbat ardatz eta alorretan mekanismo ezberdinen bitartez, askotariko zapalkuntza eta esplotazio egoerak jasan behar ditugu gure gorputz eta lurraldeetan». Horregatik, «indarkeria matxista, egun bizi dugun krisi ekosoziala, eta hirugarrenik, sistema arrazista eta koloniala sostengatzen duten migrazio politikak» salatu nahi dituzte.

AIZTONDOKO KLASIKOA

Larunbat honetan, martxoaren 8an Aiztondo klasikoa (orain Txomin Perurena-Patxi Alkorta Memoriala) proba izango da. Txirrindulari probaren 20. urtea izango da, eta 10:30ean hasita, 132 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Bada, Tolosaldeko Mugimendu Feministaren aburuz, «onartezina» da egun horretan proba horrek eskualdeko «hainbat herritako espazio publikoa hartzea, eta ondorioz, mobilizaziorik egin ahal ez izatea». Hori horrela, Mugimendu Feministako kideek esan dute Martxoaren 8a baliatuko dutela «espazio publikoa emakumeona ere badela aldarrikatzeko».

Martxoaren 8ko mobilizazioez gain, beste hainbat ekitaldi ere izango dira egunaren bueltan. Bezperan, hilaren 7an, Tolosaldeko Emakume Feministen topaketa egingo dute Berastegiko udaletxeko ganbaran, 18:00etan hasita. Berastegin bertan, Martxoaren 8ko elkarretaratzearen ondoren Askamoreko logoaren lehiaketako sari banaketa egingo dute, eta hurrengo egunean Putaren bakarrizketa eroetxean izango da 18:00etan, udaletxeko ganbaran. Aiztondoren kasuan, Martxoaren 8an bertan bazkaria egingo dute, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, 14:00etan.

Alkizan, Gregoria bakarrizketa izango da bihar, Salto gelan, 19:00etan, eta Iruran etzi izango da, udaletxean ordu berean. Ibarran, Ztandap bakarrizketa saioa izango da, etzi, kultur etxean, 19:30ean. Larraulen pankarta margotu eta afaria izango dute etzi eta Berrobin Emakumeen topaketa egingo dute, Etxolan. Albizturren bazkaria egingo dute, eta Ibarran afaltzeko elkartuko dira emakumeak.

MARTXOAREN 8KO ESKUALDEKO MOBILIZAZIOAK
  • Aduna. 10:25ean elkarretaratzea plazan (Klasikaren hasieran).
  • Altzo. 13:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Anoeta-Irura. 12:15ean mobilizazioa Irura eta Anoeta arteko zubian (Klasika pasatzen denean). 12:00etan elkartuko dira Irurako plazan, Anoetara joateko.
  • Asteasu. 13:00etan ekitaldia egingo dute plazan.
  • Berastegi. 19:30ean elkarretaratzea egingo dute herriko plazan.
  • Tolosa. 19:00etan manifestazioa Tolosako Trianguloa plazatik.
  • Villabona. 11:30ean mobilizazioa Berdura plazan (Klasika pasatzen denean).
  • Zizurkil. 11:30ean mobilizazioa taxi geltokian (Klasika pasatzean).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!