M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2025

«Kohesioa eta lankidetza bilatzen duten lidergoak azpimarratzen dira»

Araitz Uria Lizarra 2025ko mar. 8a, 07:58

Mari Jose Aranguren ekonomialaria Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkartearen sari banaketan. ASPEGI

Mari Jose Aranguren Kerejetak Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkartearen saria jaso du, konfiantzan oinarritutako antolaketa batean sinisten duen lidergoa saritu dute.

Orain dela 28 urte hasi zen irakaskuntzan Mari Jose Aranguren (1969, Urrestilla) ekonomialaria. Egun, irakaslea, ikerlaria, Deustuko Unibertsitatean Ekonomiako unibertsitate-katedraduna eta Orkestra Konpetibitate Institutuko zuzendari nagusia da. Otsailean, Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak bere ibilbide profesionalagatik saritu du. Protagonista izatera eta erdigunean egotera ohitua ez badago ere, pozik eta ilusioz jaso du saria, bere lan egiteko moduari aitortza egin baitiote. Urrestillan jaioa bada ere, Tolosaldearekin lotura zuzena du, bertan bizi baita orain dela 37 urte.

Mari Jose Aranguren Tolosako Berdura plazan. A.U.

Urte asko daramatzazu Tolosaldean, zer da Tolosaldea zuretzat?

Urte asko Tolosaldean, 20 urte Amasa-Villabonan eta beste 17 Zizurkilen. Nire bizitzaren zati handiena Tolosaldean egin dut, nire senarra Anoetakoa da eta nire seme-alabak zizurkildarrak dira. Familiaren zati handi bat Tolosaldean dut. Ni hemengoa ere sentitzen naiz. Niretzat oso harrera oneko eskualdea da Tolosaldea. Euskalduna eta aberatsa, herri txiki asko ditu eta horrek kutsu berezi bat ematen dio. Oso anitza da zentzu horretan, herri mota ezberdinei dagokienez. Ni gustura bizi naiz hemen, bertakoa sentitzen naiz, nahiz eta Urrestilla izan nire jaioterria.

Lana ordea, Donostialdean, Deustuko Unibertsitatean egiten duzu. Ekonomia katedraduna zara. Ikerlari eta irakasle bezala ibilbide luzea egin duzu, zergatik murgildu zinen mundu horretan?

Ikasketak bukatu nituenean, 90. hamarkada zen. Krisi handia zegoen garai horretan, % 25eko langabezia tasa zegoen eta oso egoera gogorrean zegoen gizartea. Deustuko Unibertsitatean irakasle bat proiektu bat egiten ari zen, enpleguaren sorrera eta enpresen sorrerak enpleguak sortzean zuen eragina ikertzen ari zen. Sozialki oso gai garrantzitsua zela ikusten nuen eta proiektua erakargarria iruditu zitzaidan. Irakasle horrek bekadun bezala beraien lantaldean lanean hasteko eskaini zidan, horrelaxe hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Ikerketatik garapenera egin genezakeen ekarpena ikusi nuen, eta doktorego tesia egitea erabaki nuen. Enpresa txikien sorreraren inguruan egin nuen tesia, enpleguaren sorreran duten papera, eta pertsonen bizi kalitatean eta ongizatean duten eragina izanik aztergaiak. Tesia amaituta, irakasle bezala gelditzeko eskaintza egin zidaten Deustuko Unibertsitatean bertan, eta horrelaxe hasi nintzen klaseak ematen. Beti gustatu izan zait klaseak ematea, eta ikasleekin harremana izatea, polita da ikustea ikaslea nola sartzen den unibertsitatera, eta nola irteten den lau urte beranduago. Ordutik, ardura ezberdinak izan ditut, Ekonomia saileko zuzendaria eta master bateko zuzendaria izan naiz ere.

2006an, nire seme txikiaren amatasun bajan nengoenean, Orkestra sortuko zela esan zidaten. Deustuko Unibertsitatearen aterpean baina unibertsitate desberdinekin lankidetzan lan egiten duen lehiakortasuna ikerketa zentro bat da. Helburua ikerketaren bidez eraldaketa bultzatzea zen, hau da, dauden arazo errealei erantzuten saiatzea, ikerketaren bidez. Eta egia zen, unibertsitatean askotan ikerketak egiten genituenean argitaratzeko eta artikuluak idazteko izaten zirela, baina ni beti saiatzen nintzen praktikotasuna bilatzen. Orduan, niretzako oso aukera aparta zen, zentroaren misioa ikerketaren bidez eraldaketa bultzatzea baitzen, eta horrela hasi nintzen Orkestran lanean.

Orkestraren hasierako helburua aipatu duzu. Egun, zer egiten duzue bertan?

Ikerketa zentro bat gara, eta bertan eragile desberdinekin dugun lankidetzaren bidez ikertzen dugu. Gure patronatuan enpresak, unibertsitatea, erakunde publikoak, udalak, hiru aldundiak, Jaurlaritza, eta Jaurlaritzako sail ezberdinak —Kultura, Enplegua…— daude. Gure helburua ikerketaren bidez lurraldeko garapena bilatzea da, eta garapen horrekin pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea. Horretarako bi eratako proiektuak egiten ditugu.

«Gure helburua ikerketaren bidez lurraldeko garapena bilatzea da; pertsonen ongizatea hobetzea»

Alde batetik, diagnostikoak egiten ditugu: analisiak, txostenak… Lehiakortasunean, ongizatean, energia berriztagarrietan, talentuan, finantziazioan… nola gauden jakiteko. Hau da, lehiakortasuna eragiten duten faktore ezberdinak aztertzen ditugu. Horretarako behatokiak ditugu, eta Europako beste herrialdeetako datuekin alderatzen ditugu gure datuak, gure erronkak zeintzuk diren zehazteko. Hori lan mota bat da, baina bestetik, behin analisietako datuak ditugula, erronkei aurre egiteko alde praktikoa garatzen dugu. Adibidez, aldaketa klimatikoa bada erronka, eta gure industrian energia berriztagarriek pisu txikia badute, zer garatu daitekeen aztertzen dugu. Alor horretan eskumena nork duen topatzen dugu eta horrela hasten gara erakunde eta enpresa ezberdinekin proiektuak garatzen erronka horri aurre nola egin erabakitzeko. Hau da, ikerketa eraldatzaileko proiektuak egiten ditugu Orkestran, eraldaketa bat bilatzen duten proiektuak.

Urte asko daramatzazu mundu horretan, eta lorpen handiak eskuratu dituzu. Erraza egin zaizu bidea egitea?

Egia esan zorte handia izan dut nire ibilbidean. Inguruan tokatu direnek beti adierazi didate konfiantza handia. Egia da bidean gauzak beste modu batera ikusten zituzten pertsonak ere topatu izan ditudala, eta gatazkak egon dira. Baina niri momentu zailetan indar gehien ematen zidana zera zen, lanean bilatzen nuen asmoa eta helburua garbi edukitzea, zergatik ari nintzen lan hori egiten jakitea. Eta taldeak ere bai, taldeak ere indarra eman izan dit. Unibertsitatean klaseak ematen nituenean eduki nuen lagun taldeak eta bai orain dudanak, beti babestu dugu elkar. Oso zaindua sentitu naiz lankideengandik eta ni ere saiatu naiz haiek zaintzen.

 

«Oso zaindua sentitu naiz lankideengatik eta ni ere saiatu naiz haiek zaintzen»

 

Zure ibilbide profesionalagatik eta Orkestran egindako lanagatik Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak saritu zaitu. Zer da zuretzat sari hori jasotzea?

Niretzako sari hori jasotzea lan egiteko modu bati aitortza bat egitea izan da, lidergo estilo bat aintzat hartzea. Konfiantzan oinarritutako antolaketa batean sinisten dut, pertsonen arteko konfiantzan oinarritutako antolaketan eta lankidetzan. Edozein enpresak edo erakundek oso zehaztuta izaten ditu lortu beharreko misioak eta helburuak, eta beraz, efizienteak izan behar gara helburu horiek lortzeko. Baina iruditzen zait pertsonen gaitasuna ondo baloratu behar dela eta ondoren gaitasun horiek taldean jarri. Horrela, taldea motibatuago egoten da, eta ekarpen hobea egingo da helburuetan. Orduan, nire lidergo estiloa lankidetzan eta konfiantzan oinarritutakoa da. Lidergo partekatuekin egiten dugu lan eta Orkestra ez dut nik bakarrik lideratzen, horrela, askoz ere gaitasun gehiago ditugu, denen gaitasunak batuta, askoz ere urrutirago iristen gara.

Mari Jose Aranguren ekonomialaria Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkartearen sari banaketan. ASPEGI

Aurten eman dizuten sariak, emakumeen talentua eta lidergoa ikusaraztea du helburu. Beharrezkoak iruditzen zaizkizu horrelako sariak?

Garrantzitsuak dira batez ere, lidergo estilo ezberdinak eta lan egiteko modu ezberdinak daudela aintzat hartzeko. Ez dago lan egiteko modu bakarra eta lan egiteko modu bat ez da besteak baino hobea. Lidergo batzuk hierarkikoagoak izango dira, batzuek lana banatuko dute, besteek talde lana sustatuko dute… Baina geroz eta gehiago ikusten dira lankidetzan oinarritzen diren lidergo motak. Hala ere, lidergo hauek ez dira lidergo indartsuak bezala ikusten. Denon artean egiten denez lana, ezkutuago geratzen diren postuak dira, eta garrantzitsua da aipatzea, horrelako estiloak gizonezkoetan baino gehiago, emakumezkoetan ematen direla. Beraz, garrantzitsuak dira sariak; izan ere, estilo horiek baloratuko ez balira zer gertatuko litzateke? Beste estiloak mimetizatuko liratekeela. Garrantzitsua da, ez sariarengatik bakarrik, kohesioa eta lankidetza bilatzen duten lidergoak azpimarratzen direlako, eta ez boterea edo protagonismoa bilatzen dutenak. Estilo ezberdinak ikustarazteko gaitasuna dute sariek.

 

«Zuzendaritzako postuetan emakumeen proportzioa ez da gizonezkoen adinekoa»

 

Eta ekonomiaren munduko lidergoetan geroz eta emakume gehiago daude?

Geroz eta gehiago gaude, eta ibilbide bat ari gara egiten. Guk egiten ditugun ikerketetan berdintasuna, zentzu zabalean, lantzen duten enpresak, berritzaileagoak direla ikusten dugu. Hau da, aniztasuna hobeto lantzen duten enpresak, enpresa berritzaileagoak dira eta emaitza hobeak lortzen dituzte. Orduan, berdintasuna kudeatzea garrantzitsua da, generoarena ere bai. Baina oraindik ere, zuzendaritzako postuetan emakumeen proportzioa ez da gizonezkoen adinekoa. Ez da zenbat emakume gauden bakarrik kontuan hartu behar, zenbakietatik haratago joan behar da.

Saria otsailaren 20an jaso zenuen, saria jaso aurretik, zer sentitzen zenuen?

Egia esan saritua izan nintzela esan zidatenetik, oso sentimendu anitzak izan ditut. Alde batetik poza, poz handia sentitu nuen, Orkestrako taldeak berak aurkeztu zuelako hautagaitza eta hautagaitza nirekin batera lan egiten duen taldeak aurkezteak poz handia eman zidan. Bestalde poza baita aitortzagatik, nik sinesten dudan lidergo estiloaren aitortzagatik. Lotsa eta urduritasuna ere sentitu nituen. Ez nago protagonismoetara eta erdigune izate horretara ohituta eta hori gehiago kostatu zait. Nire lanean beti esan izan dut barrurako lana asko gustatzen zaidala, baina kanpora begirako zatiak, ikusgai zauden zatiak, urduriago jarri izan nau beti. Baina, egia da hori ere garrantzitsua iruditzen zaidala eta urteen poderioz hori ere egiten ikasten ari naizela. Gainera, sariagatik jende pila batek zoriondu nau, lagunek, lankideek, familiak… Baloratua sentitu naiz, ez sariarengatik bakarrik, baizik eta horiek guztiek esan dizkidaten hitzengatik ere. Aurrera egiteko poza eta indarra ematen du.

Hala ere, ez da jaso duzun sari bakarra. 2016ko abenduan, Harvardeko Unibertsitateak zure ibilbide pertsonalagatik eta lurralde-lehiakortasunari egindako ekarpenagatik saritu zintuen.

Harvardek unibertsitate ezberdinen sarea sortu zuen, eta Orkestra sortu zenetik sare horren barnean geunden gu ere, 130 unibertsitatek osatzen zuten sarea. Sareak ikerketa eta irakaskuntzaren bidez eraldaketa bultzatzea bilatzen zuen, eta ni zuzendari nintzenetik urtero-urtero joaten nintzen Harvardera, urtean zehar egindako lana azaltzera. Hasieran entzutera joaten ginen, besteek egiten zutena eta kontatzen zutena entzutera. Baina pixkanaka ohartu nintzen guk ere gauza interesgarriak egiten genituela, eta bertan kontatzeko gauza interesgarriak bagenituela. Saria eman zidatenean harrituta geratu nintzen, ez nuen espero, baina oso pozgarria izan zen. Azkenean, plano lokalean, tamaina txikian, gure herrian egiten dugun lana maila globalean baloratzea izan zen, mundu mailan baloratzea. Poza eman zidan ikusgaitasunagatik ere. Askotan hemen egiten ari garen lana ez dela hainbesterako iruditzen zaizu, eta gero horrelako saria jasotzen duzu.

Zure ibilbide profesionaleko errepasoa egin dugu: Orkestra Konpetibitate Institutuko zuzendari nagusia zara, Deustuko Unibertsitateko Ekonomiako unibertsitate-katedraduna, lehiakortasunaren eta lurralde-estrategiaren arloan aditua, hainbat sari jaso dituzu ere. Zure ibilbide profesionaleko helburu guztiak bete dituzula esango zenuke?

Inoiz ez ditut helburu zehatzak izan nire ibilbide profesionalean, ez dut helburu zerrendarik eduki. Beti bilatu dudana zera izan da, nire lanarekin gauzak hobetzen laguntzea. Irakaskuntzan nengoenean nire helburua ikasleek gaitasun gehiago garatzea zen. Ikerketan nagoenean, lurraldeko garapena eta ekonomia hobetzeko baliagarria izango den ezagutza berriak sortzea zen. Oso pertsona praktikoa naiz, eta helburuetan praktikotasuna bilatzen joan naiz beti, egin izan ditudan gauzak pertsonentzako baliogarriak izateko. Beraz, helburuak aldatzen joan dira. Nire ibilbideko lehenengo urteetan gehiago zeuden irakaskuntzan zentratuta, azkenean 28 urte daramatzat irakasle lanetan, nire eskuetatik 5.000 ikasletik gora pasa dira, eta orain pentsatzen dudana da, zer aztarna utziko ote nuen beraiengan? Positiboa espero dut. Ikerketa alorrean niretzat Orkestra aukera handia izan zen, ikerketa erronka errealekin lotzeko. Proiektu bakoitzean helburu ezberdinak ditugu, baina helburu orokorra beti bera da, ikerketaren bidez positiboki eragitea. Kudeaketari dagokionez, nire helburua inoiz ez zen izan zuzendari izatea, baina gero ibilbideak berak eraman nau taldeen kudeaketa koordinazioko ardura izatera. Azkenean, nire ibilbidean bilatu gabeko gauza ezberdinak egiten bukatu dut.

Ikertzailea, irakaslea, ekonomialaria, zuzendaria… zara. Postu batekin geratu behar bazenu, zein da gehien betetzen zaituen lanbidea? Aukeratu daiteke bakar bat?

Kosta egiten zait bat aukeratzea, oraintxe bertan hiruetan aritzen naiz. Klase asko ez ditut ematen baina ikasleekin badut harremana. Kudeaketan lanean ere ari naiz, baina egia da denbora luzez ari zarenean, eta tokatzen den lanaren arabera, ardura handia sentitzen dela. Ardura horiek taldean egiten direnean, askoz ere indar gehiago duzu. Nik uste dut nire bizitzan momentu ezberdinetan lanbide baten pisua jaitsi egin behar izan dudala eta beste bati heldu. Adibidez, Orkestran hasi nintzenean ikerketan nengoen zentratuta, irakaskuntza mantendu nuen baina lan karga gutxitu nuen.

Hiruetatik bat aukeratu behar banu, agian, momentu honetan, ikerketaren alorra aukeratuko nuke.

Eta postu horietan guztietan, Mari Jose bera zara, edo Mari Jose ezberdinak behar dira?

Oinarrizko printzipioak, baloreak eta ni nola naizen, oinarri hori, denetan hor dago eta hori ez da aldatzen. Baina egia da, irakasle lanetan, nik markatzen dudala klaseko dinamika, nik pentsatzen ditut edukiak. Ikerketa proiektuetan proiektuaren arabera nire rola ere aldatu egiten da, batzuetan koordinazioa nire esku dago eta besteetan ni kide bat gehiago naiz. Eta zuzendari bezala talde osoko antolamendua, funtzioa, bakoitzaren ardura definitzea nire esku dago… Beraz bai aldatzen dela zerbait. Zuzendari bezala nagoenean nire buruan Orkestra osatzen dugun guztiak gaude. Irakasle bezala lan egiten dudanean, ordea, ikasleak daude nire buruan. Orduan, rolak ezberdinak dira, nahiz eta ni, funtsean, baloreetan eta printzipioetan pertsona bera naizen.

Eta hemendik aurrera zer? Zer bide hartuko du zure ibilbide profesionalak?

Nik bi gauza ditut. Batetik, beti nagoela gauza berrietara irekia, orduan, datorrena datorrela. Malgutasuna dut batera edo bestera egiteko. Baina bestetik, nik, berez, gustuko dudan horretan jarraitu nahi dut: ikerketaren bidez gure garapenean laguntzen. Orain arte izandako lanak asko gustatu zaizkit, pisu ezberdinekin, ikerketan, irakaskuntzan eta kudeaketan, izandako lan guztiak gustatu zaizkit, eta jarraitu nahiko nuke horietan guztietan. Ikerketak duen gauza polita beti gauza berriak sortzen direla da. Orain alor berri bat ari da indarra hartzen, etorkizuneko zientziak deitzen den alorra. Nolako etorkizunak egon daitezken, eta guk nolako etorkizuna nahiko genukeen, eskualdean, probintzian, Euskal Autonomia Erkidegoan… hori kolektiboki diseinatzean datza alor berria eta gero bakoitzak, dagoen lekutik, zer ekarpen egin dezakeen diseinatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!