Zaldunita 25

Makil hotsak nagusi, Abaltzisketan eta Amezketan

Leyre Carrasco 2025eko martxoaren 2a

Abaltzisketako txantxoak baserriz baserri ibili ostean, herrigunean egin dituzte dantzak; Amezketan, belaunaldi ezberdinak elkartu eta talai dantzak egin dituzte.

Goizean goiz hasi dira Abaltzisketako txantxoak makilak astintzen. Bidelagun izan dute trikitilaria, mozorroa eta saskia pasatzen duena ere. Kalejiran egin dute ibilbidea, esku banatan makilak hartuta eta geldialdi bakoitzean dantzak eginez.

Lehenik, Orendain aldeko baserrietara joan dira, eta bertako baserrietako atariak alaitu dituzte. Ondoren herrigunera itzuli dira, eta ohi bezala, mezatik ateratzen direnei egin dizkiete dantzak. Herrian zehar ibili dira dantzan eta Gaintza aldera dauden baserriak pasata, Larraitz auzora joan dira.

BELAUNALDIEN TALAI DANTZAK

Atzotik hasita dabiltza Amezketako talaiak makilak astintzen. Atzoko eguna baserriz baserri igaro zuten, bi taldetan banatuta. Batzuk Amezketako baserrietan barrena ibili ziren eta besteak Bedaio inguruan. Eta gaur goizean ere fin asko atera dira berriro. Gaur, ordea, hiru talde egin dituzte. Batzuk Ugartetik Amezketarako bidea egin dute, beste batzuk, Patxunetik hasita, Zubillaga auzora, eta hirugarren taldea, azken urteetan joan ez diren baserrietatik igaro ostean, Ergone auzoan zehar ibili dira.

Ibilbideak amaitu ostean, herri sarreran garai bateko dantzariekin elkartu dira. Izan ere, aurten 50 urte beteko dira Talai dantzak berreskuratu zituztenetik, eta hori ospatzeko belaunaldi ezberdinetako dantzariek elkar zehartu dute herrigunea. Tartean geldialditxoa egin dute duela bost urte zendu zen Koldo Saralegi Amundarain herritarrari omenaldia egiteko. Saralegi ere talai dantzetan parte hartu ohi zuen, eta bere etxeko atarian bertsoak abestu eta dantza egin diete, bere senitartekoak bertan zirela.

Ibilbidearen amaieran plazan elkartu dira eta indarrak hartzeko mokadutxoa egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!