8-9 urte zituela Tolosara bizitzera joan zen familiarekin Itxaso Urdanpilleta Araolaza (Amasa-Villabona, 1984), eta inoiz ez du huts egin inauterietan. Esan du ezin dutela pregoiaren inguruan ezer aurreratu: «Pentsa, Ostegun Gizeneko batzordeko kide askok ere ez daukate ideiarik!».
Zer dira zuretzat inauteriak?
Urte guztiko festa onenak dira. Berdingabeak dira, izaten den giro onagatik, mozorrotzeko ohituragatik, txarangengatik eta inauterietako doinuengatik.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Familiatik ez, behintzat. Urteetan zehar, herriko giroak eta inguruan izan ditudan pertsonek eraiki dute inauteriekiko nire zaletasuna. Kabi Alai elkarteko bazkide izendatu nindutenean, argi nuen Ostegun Gizenean balkoian egon nahi nuela. Hori dela eta, batzordeko kide izateko pausoa eman nuen. Ordutik, areagotzen joan zaizkit inauterietarako gogoa eta ilusioa.
Zeintzuk dira inauteriez dituzun lehen oroitzapenak?
Batetik, ikastetxean mozorrotzen ginen. Bestetik, familia handia garenez, senitarteko ugari etortzen ziren Tolosara, eta guztiak mozorrotuta festa giroan murgiltzen ginen.
Gaur egun, nola bizi dituzu?
Era askotara. Ostegun Gizenean, Kabi Alai elkartean, inauterietako udalbatzarekin; Ostiral Mehean, lanera joaten naiz; Zaldunitan, haurrekin eta kuadrillako lagunekin ateratzen naiz; Astelenitan, ama arduratzen da haurren zaintzaz eta ni lagunekin ateratzen naiz. Eta Asteartitan, berriro haurrekin ateratzen naiz; aurrez prestatu gabeko mozorroa janzten dugu, etxean topatutako gauzekin.
Zein asmo dituzu aurten?
Aurten, elkarteko lehendakaria naiz, eta zuzendaritzako kideoi Ostegun Gizeneko bazkaria eta afaria antolatzea egokitzen zaigu. Gainera, inauterietako udalbatzako alkate izango naiz, lehen aldiz. Hortaz, eromen handia izango da niretzat.
Patxi Amianori lekukoa hartuko diozu. Urduri zaude?
Bai. Lehen aldiz emakumezko bat izango da alkatea. Argi genuen, Patxik utzi ondoren, emakumezko batek izan behar zuela alkate. Udalbatzan hiru emakume bakarrik gara Kabi Alaikoak. Iazko pregoian esan genuen Ainhoa Onsalo izango zela alkatea, baina ama izan da, eta ni lehendakaria naizenez, aurten ni izatea erabaki genuen. Gure asmoa, baina, ez da urte luzez alkate berdina mantentzea, Patxik egin bezala. Baliteke txandakatze sistema bat aplikatzea.
Zein izango da zure ardura Ostegun Gizenean?
Alkate izateak ez dauka inolako prestigiorik, ezta ardura handiagorik ere. Udalbatza irudikatzen dugu, baina guztiak berdinak gara. Aldatzen den bakarra da, kalejiran, udalbatzaren erdian joango naizela. Balkoian ere hitz egin beharko dut, baina hori lehen ere egiten nuen.
Patxik eman al dizu aholkurik?
Ez. Jendaurrean hitz egin behar dudanean, urduri jartzen naiz, eta ez zait gustatzen papera erabiltzea. Bada, berak esan zidan, beharra sentituz gero, lasai erabiltzeko. Ez dela ezer pasatzen, berak ere erabiltzen zuela.
Zer dauka Ostegun Gizenak?
Egun bereziena da. Udaletxeko balkoira ateratzean, oilo-ipurdia jartzen zait. Askok esaten dute txupinazoan egotea handia dela, baina balkoian bizitzea, ikaragarria da. Eta txupinazoaz gain, ondoren egun guztian zehar kalean izaten den giroa oso berezia da.
Ba al dago ondo gogoratzen duzun mozorrorik?
Urte batean, kuadrillakoak punkez mozorrotu ginen, eta jendeak uste zuen benetako punkak ginela. Biharamunean, negar batean egon nintzen dutxan, gandorra kendu ezinik. Krema leungarri poto osoa erabili nuen, eta hala ere, ezin. Ile ugari galdu nuen. Geroztik, inori ez diot uzten ilea kardatzen, ez inauterietarako, ezta bestela ere.
Nola azalduko zenioke kanpotik datorren bati zer diren inauteriak?
Ezinezkoa da hitzez azaltzea. Hona etorri eta bertan bizi behar dira, behintzat, bizitzan behin.
Eta, ba al dute alde txarrik?
Kanpotik etortzen diren askok ez dituzte inauteriak bertakoek bizitzen ditugun bezala bizitzen. Batzuk soilik parranda egitera etortzen dira, eta gainera, liskar bila.
MOTZEAN
- Egun bat? Ostegun Gizena.
- Une edo ekitaldi bat? Zezen festaren ondorengo kalejira, jaitsiera.
- Inauteriak egunez ala gauez? Gaur egun, egunez.
- Txaranga doinu bat? Sasikoipatsu.
- Inauterietatik aldatuko zenuke... Hausterre eguna herriko jai eguna izatea.