Seigarren postutik finalerdietaraino

Ataria 2025eko otsailaren 24a

Peña II.a eta Albisu Binakako Pilota Txapelketaren finalerdietan izango dira, Zabala eta Eskuzari irabazi ostean. Asteburuan izango da jokoan finalerdietako lehenengo jardunaldia.

Binakako Pilota Txapelketaren sailkapen fasean seigarren postua lortu arren, azkenean finalerdietarako txartela lortu dute Jon Ander Peña tolosarrak eta Jon Ander Albisu ataundarrak. Atzoko partida erabakigarrian 22-18 irabazi zieten Zabala eta Eskuzari. Azken hauek Elordi eta Zabaleta ordezkatu zituzten, eskuko minez baitzeuden. Partida oso lehiatua izan zen Eibarren jokatutakoa, eta Zabalak eta Eskuzak asko estutu zituzten Peña II.a eta Albisu.

Hori horrela, eskualdeko hiru pilotari izango dira lehian finalerdietan: Martxel Iztueta tolosarra Lasorekin, Iñaki Artola alegiarra Mariezkurrena II.arekin eta Peña II.a Albisurekin. Asteburuan jokatuko da finalerdietako lehen jardunaldia. Artola eta Mariezkurrena II.ak Laso eta Iztueta izango dituzte aurkari, Bilboko Bizkaia frontoian, larunbatean. Peña II.ak eta Albisuk igandean jokatuko dute, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Gabirondo, txapelketatik kanpo

Binakako Serie B Txapelketan, Arkaitz Gabirondo gazteluarra txapelketatik kanpo geratu da, asteburuan play-offetako partida galdu ostean. Dariorekin batera Salaberria eta Gaskueren aurka zuten partida, eta 15-22 galdu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!