Peña II.ak izango du finalerdietan sartzeko azken aukera

Ataria 2025eko otsailaren 22a

Binakako Pilota Txapelketako play-offetako partida jokatu zen atzo Zornotzan, eta Peña II.ak eta Albisuk osatutako bikoteak 22-14 irabazi zieten Jakari eta Imazi. Jaka, beraz, txapelketatik kanpo geratu da.

Sailkapen ligan bosgarren eta seigarren postuan geratu ziren bi bikoteen arteko partida izan zen atzokoa, eta seigarren geratu zirenak irabazi zuten. Jon Ander Peña tolosarrak eta Albisuk 22-14 irabazi zieten Erik Jaka lizartzarrari eta Imazi, eta bihar aukera izango dute finalerdietarako txartela lortzeko. Irabazleek 15 tanto egin zituzten eta 8 galdu, eta galtzaileek 6 tanto egin eta 7 galdu. Guztira 510 pilotaka zenbatu ziren atzoko neurketan.

Peña II.a eta Albisuk beste partida irabazi behar dute finalerdietarako ligaxkara pasatzeko, bihar Eibarren jokatuko dena. Aurkariak Elordi eta Zabaleta izan behar zuten, ostegunean Beotibarren Iñaki Artola eta Mariezkurrena II.aren aurka galdu zutenak. Alabaina, eskuko minez bukatu zuten partida hori Elordik zein Zabaletak, eta beraien ordez Zabala eta Eskuza ariko dira bihar lehian. Peña II.ak eta Albisuk, beraz, finalerdian sartzeko aukera ederra dute, sailkapen ligan seigarren geratu ostean.

Gabirondok, gaur play-offetako partida

Binakako Serie B Txapelketan, Arkaitz Gabirondo gazteluarrak finalerdietara sailkatzeko aukera izango du gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den play-offetako partidan. Gabirondo eta bere aurrelari Dario seigarren geratu ziren sailkapen fasean, eta hirugarren geratu ziren Salaberria eta Gaskueren aurka jokatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!