Azken maukak eskura

Ataria 2025eko otsailaren 21a

Villabonako eta Zizurkilgo 15 saltoki ari dira parte hartzen Oria merkatari elkarteak antolatu duen Stock Azokan. Arratsaldean ireki dute, eta bihar goizean ere izango da beherapenez gozatzeko aukera.

Villabona eta Zizurkilgo Oria merkatari elkarteak antolatuta, Stock Azoka ari dira egiten. Herritarrek, beraz, neguko beherapenen azken txanpan, maukak eskuratzeko aukera izango dute. Arratsaldean zabaldu dute ekimena, eta bat egin duten 15 saltokik kalera atera dituzte euren produktuak, ohi baino prezio baxuagoan. Bihar goizean ere, gauza bera egingo dute, eta saltokietatik kanpo erakutsiko dituzte salgaiak deskontuekin.

Ekimena girotzeko, erraldoiak eta buruhandiak atera dira kalera, eta bihar, larunbata, Kolpez Blai taldekoak ariko dira kalez kale 11:30etik 12:45era.

Merkatariek azaldu dutenez, «kezkatuta» daude kaleak «hutsik» sumatzen dituztelako eta Stock Azokarekin komertzio txikiak biziberritzen laguntzea espero dute. Herritarrak animatu dituzte azokara gerturatzera: «Ea denen artean kaleak bizirik mantentzea lortzen dugun. Erosketak herrian egiten ez baditugu egoerak okerrera egingo du. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza txikia babestea».

Honako saltokiek hartuko dute parte asteburuko Stock Azokan: Garazi loradenda, Zizurkil elektrizitatea, Boutique MP, Elizmendi kirolak, Villabona optika-audiologia, Zubimuxu arropa denda, Galerias MJ, Bronte optika, Amane arropa denda, Duna oinetakoak, Garintza mertzeria, Ugalde oinetakoak, Minimarket JC, Ane mertzeria eta Gema loradenda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!